Miquel Navarro. Irudizko Arkeologiak | Doako bisita gidatua erakusketara
Larunbatero, kubo-kutxa Aretoak doako bisita gidatuak eskaintzen ditu “Miquel Navarro. Irudizko Arkeologiak" erakusketara.
- 18:30 euskaraz
- 19:30 gaztelaniaz
Miquel Navarro Mislatan jaio zen, Valentzian, eta bertan bizi da eta lan egiten du gaur egun. Haurtzaroko esperientziek eta jolasek, baita jaio eta hazi zeneko inguruneak –natura, baratzea eta arkitektura tradizionala alde batetik, eta industria-mundua, bere fabrikak, bideak edo trenak, zein Valentzia hiri handiaren aurkikuntza, bestetik– bere ondorengo bizitza eta sortze-jarduera baldintzatu dute.
Valentziako San Carlos Arte Ederren Eskolan ikasi ostean, marrazketari eta pinturari eskaini zion bere lehenengo etapa. 1970eko hamarkada hasieran eskulturari ekin zion, eta orduan eraiki zituen lehenengo hiriak, buztinarekin, jatorrietara eramaten gaituen material teluriko eta magiko horrekin. Geroago metalak erabiltzen hasi zen –zinka, burdina eta aluminioa, batik bat–, modernotasunaren eta gizarte industrialaren erreferentzia argi gisa.
Miquel Navarroren hiriak pieza kopuru handi samar batez osatuta daude, lurraldean zehar hedatu eta haren jabe egiten diren ehunka unitatez; hala, piezaz pieza, auzoz auzo, guztia hartzen dute: etxeak, eraikinak, plazak, dorreak, fabrikak, errepideak, aireportuak, ibilgailuak, intsektuak, harresiak... bolumen oinarrizkoak edo eraldatuak, taldekatuta, interakzioan eta elkar konektatuta, obra unitario bat osatzeko. Hiri horietako hiru ikusiko ditugu erakusketa honetan: La Ciutat (Hiria, 1984-1985), Ciudad roja (Hiri gorria, 1994-1995) eta Entre muros (Harresi artean, 2000).
Modu horizontalean zabaltzen diren eskulturak dira, baina haietan elementu bertikala gailentzen da; etxe-orratz taldeak multzoaren erdialdean, obeliskoak, piramideak… botere sinbolo gisa nabarmentzen direnak, baina, bestetik, gizakiaren bakardadeari ere erreferentzia egiten diotenak eta, azken batean, existentziari buruz gogoeta egitera eramaten gaituztenak.
Ezinbestekoa da aurrez erreserba egitea
Kubo-kutxa Aretoa
Zurriola, 1. 20002 Donostia
T- [+34] 943 012 400 ¦kubo@kutxa.eus¦www.sala-kubo-aretoa.eus