Miquel Navarroren irudizko arkeologiak Kubo aretoan
Kubo-kutxa aretoaren eskutik Miquel Navarroren lana lehen aldiz iritsiko da Donostiara; Navarro arte plastikoen sari nazionala izan zen (1986) eta «Espainiako eskultura berria» deiturikoaren ordezkari nagusietako bat da. Miquel Navarro. Irudizko arkeologiak erakusketak eskultore honen lana erakusten du bere arte-ibilbidean egindako pieza ikonikoen bidez, besteak beste bere Hirietako batzuk eta orain arte argitara eman gabeko pieza bat, Placón, 3,5 m-ko goratasuna duen eskultura handi bat, aluminio trinkoz egina.
Tamaina handiko pieza hauekin batera, erakusketa hau osatzeko, lan-koadernoak eta formatu txikiko piezak daude, eskultura txikien serie bat, buztinez egindako iruditxoak, zera akademikora eta arkeologiara igortzen gaituztenak, eskultorearen estudioa den sorkuntza- eta esperimentazio-laborategi gisa aurkeztuak.
Artista
Miquel Navarro 1945ean jaio zen Mislata-n, gaur egun bizi eta lan egiten duen Valentzia hiritik gertu dagoen herrian. 1964 eta 1968 artean, Valentziako Arte Ederren Goi Mailako Eskolan egin zituen ikasketak, eskultura espezialitatean, nahiz eta garai hartan bera marrazketan eta margolaritzan aritu.
70eko urteen hastapenetan, artista bete-betean murgildu zen eskulturan. 1973an bere Hirietako lehenengoa sortu zuen, pieza txiki ugariz osaturiko konposizioak (bolumen oinarrizko edo eraldatuak, multzokatu, elkar erlazionatu eta konektatzen direnak), zuzenean lurrean hedatzen direnak, lurretik bereiziko dituzten oinarririk gabe, eremuaz jabetuz. Hasieran terracotan eginak, geroago zink, aluminio edo brontzea bezalako metalak sartzen ditu. Hiriak, irudizko arkeologia hauek, eskultorearen sorkuntzaren funtsezko elementuak dira, eta Donostiara ekarri duen erakusketaren ardatza ere badira.
Erakusketa
Erakusketa honetan bere hirietako hiru aurkeztuko dira bere karrerako hainbat arotan eginak: La Ciutat (1984-1985), Ciudad roja/Hiri gorria (1994-1995) eta Entre muros/Hormen artean (2000). Eta horien ondoan, pieza orain arte ezezaguna, Placón, «totem» handi bat, 3,5 m-koa, aluminio trinkoz egina, ahaltsua, irmoa, mehatxatzailea eta aldi berean babeslea. Indartsua eta zurruna, forma guztiz lauekin, baina bere alboetako bat organikoa, sentsuala, horma kurbo bat, bere formak gizatiartzen dituena, eta artistak bulba-ezpain batekin lotzen duena.
Erakusketa osatzeko, sarrerako aretoan zenbait lan-koaderno edo bidaia-koaderno aurkezten dira, Miquel Navarrok hausnarketarako euskarri legez erabiltzen duen elementua, eta zuzeneko pentsamendua adierazteko aukera ematen diona, marrazketak duen berehalakotasun-izaeraz.
Eta horien ondoan bere «arkeologiak», buztinez, material telurikoz eta magikoz egindako irudi txikiak. Pertsonaiak, dorreak, zakilak, bulbak, piramideak, ziguratak, espiralak… sorkuntza- eta esperimentazio-laborategia. Figura horietako askok anputazioak dituzte, halako arkeologia-zentzu bat gogorarazten digutenak, antzinate klasikora itzuliz berriro. Joko honekin nabarmentzen da denboraren joana, mozketa, galera bizitzako edo historiako gorabeheren emaitza gisa. Azken batean, giza bizitzaren eta gizarte-historiaren alegoriak.
Gainera, etengabe proiektatuko da Dolores Durán komisarioak artistarekin izandako elkarrizketa, erakusketa muntatzen zen bitartean grabatua. Astearte arratsaldeetan, elkarrizketaren ordez, Miquel Navarroren bi film proiektatuko dira: Mineral eta Fuerte como el opio.
Miquel Navarro. Irudizko arkeologiak
Kubo-kutxa Aretoa (Zurriola, 1. 20002 Donostia)
- 2017ko otsailaren 17tik maiatzaren 21era
- Asteartetik igandera: 11:30-13:30 // 17:00-21:00
- Komisaria: Dolores Durán
- Sarrera doan