Astronomia Afrikaren garapenerako...
Astronomía para el desarrollo en África: un viaje de 15 años entre dos pasiones,ZientziaKutxa Mirjana Povic astrofisikaren eskutik.
Afrikak ahalmen handia du astronomian ikerketa zientifikoa egiteko bere zeru ilun eta giza baliabideei esker. Era berean, kontinenteak oztopo askori egin behar die aurre, eta bere herrialdeetako askok astronomiaren, espazio-zientzien eta sateliteen teknologiaren garrantzia onartzen dute gaur egun, beren erronka sozioekonomiko eta ekologiko nagusiei aurre egiteko, aldaketa klimatikoa esaterako. Astronomiaren eta espazio-zientzien garapena nabarmen hazi da azken urteetan Afrikan, eta inoiz baino baliotsuago bilakatu dira bakea eta garapena eraikitzeko. Zientziaren eta hezkuntzaren garapenean elkarrekin lan eginez gero, pobreziari aurre egin diezaiokegu epe luzean, eta etorkizunean Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko aukerak handitu herritar guztien onurarako.
Mirjanak galaxia aktiboen fisika ikertzen du, unibertsoko argi-iturri distiratsuenetako bat baitira, eta hortaz, garrantzia berezia dute unibertsoa hasieran nolakoa zen ikertzeko, eta denbora kosmikoan zehar galaxiak nola sortu eta garatu ziren ulertzeko. Galaxia aktiboek fisika oso konplexu eta partikularra dute, eta beren inguruko ikerketek garapen teknologiko garrantzitsua lortzen lagundu dute azken hamarkadetan, medikuntzan, nekazaritzan eta komunikazioetan aplikazioak sortuz.
2021eko uztailaren 28a, asteazkena, 18:30 | gaztelania
Lekua: Eureka! Zientzia Museoa. Donostia/San Sebastián
Doako sartzea. Beharrezkoa izena ematea. HEMEN
Hitzaldia streaming bidez emango da Eureka! Zientzia Museoaren youtube kanalaren bidez.
Hitzaldi hau ZientziaKutxa 2021. Gene bidaiariaesparruan eskaintzen da. espezialista ez den publiko bati zuzendutako dibulgazio hitzaldi-zikloa, gai zientifikoei buruzko ezagutza eta lilura partekatzeko, ikertzaile adituen eskutik.
ZientziaKutxa hitzaldi-zikloa Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatuta dago.
Mirjana Pović
Mirjana Pović (1981, Serbia) ikertzailea eta irakasle laguntzailea da Zientzia eta Teknologia Espazialen Etiopiako Institutuan, Andaluziako Astrofisika Institutuan doktore kide, eta ohorezko irakasle Ugandako Mbararako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatean. 2010ean lortu zuen doktoradutza Kanarietako Astrofisika Institutuan.
Bere ikerkuntza galaxien formakuntza eta bilakaeran oinarritzen da. Zehazki, galaxien aktibitate nuklearra, izarren sorrera, galaxien sailkapen morfologikoa eta kumuloetako galaxien propietateak aztertzen ditu. Gainera, 10 urte baino gehiagoz, astronomiaren, zientziaren eta hezkuntzaren garapenean aritu da lanean Afrikako hainbat herrialdetan; kolaborazio zientifikoen bitartez garatutako proiektu eta ekimenekin, garapen instituzionalaren bitartez, lanbide heziketa eta graduondoko ikastaroetan, zientzian emakumeen parte hartzea landuz, eta astronomia eta zientziaren dibulgazioan.