Herri txikiak aurrera begira...
Herri txikiak aurrera begira: Nola eragin du pandemiak landa eremuko bizitza eta balio komunitarioetan?
2020an, Zerainlab elkarteak sustatu eta Kutxa Fundazioak lagunduta, "Herri txikiak aurrera begira: auzolaneko kultura eta balioetatik etorkizunera" egin zen Zeraingo elizan.
Uda Ikastaroak eta bertan landutako gaiak piztutako interesa ikusita, ikastaro hori kokatzen zen "Auzolantzen" proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten Zerainlab elkarteko arduradunek eta Deustuko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek.
Horrela, auzolaneko balio eta kultura komunitarioak gure herri txikietan oraindik duen presentzia eta aurrera begira izan dezaketen balioa ikertzen eta lantzen jarraitzen dute. Baina, 2020ko pandemia garaia tarteko, begirada berezia egin nahi diogu pandemiak eta beronen aurka egiteko neurriek zer-nolako eragin izan duten landa-eremuan oro har, eta bereziki, herri txikietako bizitza komunitarioan. Hortaz, Uda Ikastaro honetan, auzolaneko balio eta kulturari begiratuko diogu, baina COVID-19ak eragin duenari buruz hausnartuz eta eztabaidatuz, eta batez ere, aurrera begira ikasi dugunari erreparatuz.
Helburuak
- Landa eremuko herrietan COVID-19ak izan duen eraginari buruz gogoeta egitea.
- Pandemiari aurre egiteko neurriek bizitza komunitarioan izan duten eragina aztertzea eta eztabaidatzea.
- Herri txikien etorkizunerako pandemiatik ikasi dugunaz hausnartzea.
2021eko irailaren 10a, ostirala | 9:00-14:00
Uda Ikastaroa aurrez aurre ospatuko da eta online zuzenean parte hartzeko aukera ere egongo da ZOOM bidez.