Noir Socha
Noir Socha, zer da? Frantsesa? Txekiera? Izan zitekeen, baina ez. John Koenig idazlearen “Socha” neologismotik (‘The Dictionary of Obscure Sorrows’) abiatu da talde goierritarra bere proiektua zein EP berria izendatzeko.
“Berria” komatxoen artean, bere partaideak urteetan zehar Gipuzkoako eta Euskadiko musika eszenako talde eta proiektu ezberdinetan luze arituak baitira. Patxadaz landua eta euren jatorri eta influentziei omen eginez, musikari gipuzkoarrek ustekabean hartzen gaituen EP biribila aurkeztu digute. Bildumak berezko nortasuna badu ere, 90. hamarkadako eszena alternatiboaren DNA nabari zaio. Stone Temple Pilots, Radiohead edota Pearl Jam datozkigu burura EPa osatzen duten 5 kantuak entzuteaz bat. Grunge dira grunge izan gabe. Gary Clark Jr. edo Alabama Shakes gogora dakartzan hegoaldeko riff urratuek ordea beste bide batzuetatik eramaten gaituzte.
Batzuetan Michael Kiwanukaren giro epeletara hurbiltzen gara; besteetan Jeff Buckley-ren Grace-en zantzu garbiak igartzen dizkiogu Joseba Basarteren ahotsaren kalitatean zein kantuen egituretan. Izen nabarmenegiak badirudite ere, dagokion testuinguruan kokatzen dute Iban Martin “Lemy”-ren (Agosto Estudios, Belauntza, Gipuzkoa) soinu eta ekoizpen lan bikainak, zein Oihan Lizasoren (2Noisy Estudio, Azpeitia, Gipuzkoa) masterizazio apartak. Biak ala biak funtsezkoak izan dira NOIR SOCHAk EP honekin erdietsi nahi izan duen helburua betetzeko; 5 pistako bilduma bat, bat-bateko soinuduna eta aldi berean sakontasunez landutakoa. Zuzenean eta etenik gabeko hartualdietan grabatua, ez da oharkabean igaroko jorratzen dituen musika-genero zaleen artean, haien erreprodukzio-zerrendetan tartexo bat eginez ziur.
2022ko maiatzaren 21a, larunbata | 21:00
Lekua: Kutxa Kultur Kluba (Tabakalera, 1. solairua). Donostia / San Sebastián
Prezioa: 3 €.Sarrerak erosi
Sarrera leihatilan: 5 € (Tabakalerako informazio puntuan, 1. solairua), Online salmentan agortu ez badira.
Ordutegia: Astelehenetik ostegunetara: 10:00etatik 19:00etara
Ostiralean: 10:00etatik 20:00etara
Larunbatean: 11:00etatik 20:15etara
Igande eta jaiegunetan: 11:00etatik 19:00etara