Ikusle ala eragile izan nahi duzu? Izan Gazte Ekolider!
Gazte Ekoliderrak gazteak jasangarritasunean eta eraldaketarako lidergoan trebatzea helburu duen formakuntza eta bizitzarako ibilbidea da, 20 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoena.
● Gazte Ekoliderrak: Jasangarritasunean eta lidergoan trebatzeko formakuntza programaren izen-ematea irailaren 7tik urriaren 20ra bitartean egongo da zabalik.
● Guztira 30 gaztek izango dute 6 hilabete iraungo duen Gazte Ekoliderrak formazioan parte-hartzeko aukera.
Informazioa eta izen-emateak
Prentsa-oharra
Egitasmoa Kutxa Fundazioak sustatzen du, UPV/EHU Uda Ikastaroak Fundazioaren kolaborazioarekin.
Gazte Ekoliderrak trebakuntza-programa 3 dimentsiotan banatzen da: trebatu, ekin, izan. Ezagutzak zabaltzeko ez ezik, gazteak ekintzarako ahaldunduko dira eragile aktibo bihurtu daitezen. Aurtengo edizioan, gainera, proiektuen garapenerako ibilbidean (ekin) erakunde desberdinekin lankidetzan arituko dira gazteak, jasangarritasunari lotutako egiazko erronketan inplikatzeko aukera izan dezaten.
Aurtengo edizioaren leloak Egin bidea. Eragin aldaketagazteek, eragile aktibo bilakatzeko, landu ditzaketen ezagutza eta gaitasunetan jarri du arreta. Klima larrialdia eta gizarte krisia denon ahotan daude eta etorkizun jasangarria lehen mailako erronka dela badakigu. Hala ere, egoera honen aurrean, norbanakoak non kokatzen gara? Ikusle ala eragile izan nahi dugu?
Plaza mugatuak
Guztira 30 gaztek izango dute Gazte Ekoliderrak egitasmoan parte-hartzeko aukera. Formazioak 300 €-ko prezioa du eta bere gain hartzen ditu 120 orduko formakuntzako hizlari eta mentorizazioaz gain, 3 egonaldietako pentsio osoa, irteeretako desplazamenduak, asegurua, talde ekintza eta proiektua gauzatzeko laguntza ekonomikoa eta akreditazio diploma. Gazteek ordainketa bi zatitan gauzatu dezakete.
Irailaren 29a baino lehen izena ematen duten gazteei %10eko deskontua egingo zaie.
Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzei dagokienean, ezinbestekoa izango da elebidunak izatea (euskaraz ulertzeko gaitasuna eduki beharko dute), eta saioen %80an parte hartzea.