Kutxa Fundazioak Remigio Mendibururen bi eskultura-multzoa zaharberritu du

Descripcion Corta
Kutxa Fundazioak Remigio Mendibururen Amildegiko Haizea eta Amildegiko...
Texto largo

Kutxa Fundazioak Remigio Mendibururen Amildegiko Haizea eta Amildegiko Zarata lanak zaharberritu ditu. Udako hilabeteetan, Remigio Mendibururen bi eskultura-multzo monumental horiek (Kutxa Fundazioaren Arte Ederren Bildumakoak) zaharberritzeko lanak egin dira.

Remigio Mendiburuk Garibai kaleko Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren egoitza (gaur egun, Kutxabanken egoitza) nagusirako egin zituen eskultura-lanak Donostiako arte-elementu ezagunenetakoak dira, eskultorearen ibilbide artistikoan mugarri izateaz gain.

Amildegiko Haizea eta Amildegiko Zarata obrak Gipuzkoako Aurrezki Kutxak 1970eko hamarkadaren erdialdean -1977an inauguratu zen egoitza berri nagusiaren ataria apaintzeko- eskultoreari enkargatu zion eskultura-multzoaren zati dira, Gaua/Noche obrarekin batera. Aurrezki-Kutxak bere garaiko artearekin eta artistekin hartutako konpromisoak bere isla izan zuen egoitza berri horretan. Horretarako, eskultura-multzo handi horretaz gain, eraikinari izaera berezia ematen dioten zenbait obra enkargatu zizkion Gipuzkoako beste artista garrantzitsu batzuei: Jose Luis Zumetari, zeramikazko horma-irudia; Rafael Ruiz Balerdiri, beirateak; Ricardo Ugarteri, eskailera osoa biltzen duen eskultura-multzoa; eta Nestor Basterretxeari, Andia aretoaren diseinua.

Obrak

Eskultura-multzo hau Remigio Mendibururen obrarik handinahiena dela esan daiteke. 6 x 4 x 1 metroko bi horma-eskultura dira, eta eskultoreak 10 tona material erabil zuen -zura, gehienbat- haiek egiteko. Obra bakoitza bost modulutan banatua eta ziriz lotutako 150 bat piezez osatuta dago. Piezak ziri bidez elkartzeko modu hori herri-zurgintzan erabilitako teknika bat da, eta eskultoreak propio utzi zuen agerian, multzo osoaren sostengu gisa duen funtzio estruktural hori nabarmentzeko. Handik aurrera, ziriak Mendibururen lanaren elementu bereizgarri bihurtu ziren.

Hainbat elementuren erabilera dela eta, obra horiek, garaiko beste batzuk bezala, beren eraikuntza-prozesuaren arabera definitzen dira. Obrak ez daude aldez aurretik diseinatuta; prozesuan zehar gauzatzen dira. Mendiburuk berak zioen berak ez zuela espazioarekin lan egiten, denborarekin baizik.

Zaharberritzea

Obrak, berez, ez zuen egiturazko arazo larririk, eta zura bera ere, obraren osagai nagusia, kontserbazio-egoera onean dago, baina egia da ere hainbat aldaketa jasan dituela urteotan zehar, batez ere jendearen eta ibilgailuen trafikoaren hurbiltasunagatik eta kokapenagatik beragatik (kalera zabalik egoten den atari bat). Aldaketa horiek batasun estetikoaren galera eragin eta irakurketa edo ulermena zaildu zutenez, kontserbazio-lan bat egiteko beharra ikusi zen.

Artyco (Arte, Conservación y Restauración) kontserbazio- eta zaharberritze-lanetarako enpresak egindako esku-hartzea artistaren balio plastikoak berreskuratzean oinarritu da, betiere obraren jatorrizko ikuskera errespetatuta.

Zaharberritze-lanen aurreko azterketa eta analisien bidez, tratamendu pertsonalizatu bat diseinatu ahal izan da, obren etorkizuneko kontserbazioa bermatuko duen babes-maila emateko.

[Gehiago irakurri Prentsa-oharrean...]


Remigio Mendiburu Ruido del abismo web Remigio Mendiburu Viento del abismo web
Imagen Listado
Temática
Artea
Fecha
Fecha Texto
2022ko azaroaren 11a