Mikel Otxoteko artistaren 'Hemen dragoiak daude' erakusketa, Artea abian proiektuaren edizio berrian
Laugarren ediziora iritsi da Artea abian proiektua 2023an eta Mikel Otxoteko da aurten parte hartzen duen artista, aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak eta Kimia Kamvarik bere lanak aurkeztu ondoren.
Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako erakusketa programa honek sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez, eta horrela, Mikel Otxotekoren lana ikusteko aukera izango dugu aurten Hemen dragoiak daude titulua duen erakusketan.
Ikus-entzunezko materiala, eskulturak, instalazioak, mapak eta dokumentazio historikoa biltzen dituen ikerketa artistiko honek St.Pierre et Miquelonen erabakigarriak izan diren faktoreak aztertzen ditu. Hemen dragoiak daude erakusketa Laborategian izango da zabalik 2023ko irailaren 20tik 2024ko urtarrilaren 7ra bitartean, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.
Mikel Otxoteko
Mikel Otxoteko Donostiako artista eta ikertzailea da. Nazioarteko aipamena jaso zuen Audiovisual Arts and Neo-materialism doktore-tesiarekin, Manuel DeLanda zinemagileak New Yorkeko Pratt Institute of Art & Design-en ikertzaile bisitari gisa egindako gonbidapenarekin. Dance & Drill edo Algunos cabos sueltos bezalako ikerketa proiektu artistikoak garatu ditu, proiekzioetan eta erakusketetan gauzatuz Toulouseko Musée d’Art Contemporain Les Abattoirs, Valentziako Centre del Carme Cultura Contemporánea edo Londresko The Rag Factory bezalako lekuetan. Bere azken film dokumentala, Invierno (2019), Bilboko Zinebi, Cinespaña eta Toulouse-ko zinemaldietan ikusi ahal izan da.
Hemen herensugeak daude proiekturako ekoizpen artistikoko egonaldiak egin ditu Saint-Pierre et Miquelon eta Puerto Rico uharteetan, Itsasertzeko Ikasketen Diziplinarteko Zentroak eta Sea Grant Programak (biak Puerto Ricoko Unibertsitatekoak), eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.
Artea abian
2019an martxan jarritako ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.
Proposamen honek Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio, bi erakundeen ahaleginak batuz, San Telmo Museoak eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak 1970eko eta laurogeiko hamarkadetan egin zuten erakusketa eremuko lankidetzari berriro helduz. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea.