Kutxa Fundazioaren Fototekak Isabel Azkarate Morera argazkilariaren funtsa jaso du dohaintzan
Fototekaren 50. urteurrenean, lehen euskal emakume fotokazetariaren artxiboaren dohaintza jaso du Kutxa Fundazioak.
Isabel Azkarate Moreraren funtsa dohaintzan ematea gertakizun handia da Kutxa Fundazioarentzat, gainera 2023 hau gure Fototekaren 50. urteurrena izanik, funts hau jasotzea imajina genezakeen oparirik onena da.
Hainbat arrazoirengatik uste dugu dohaintza hau oso baliotsua dela. Arrazoi nagusia Azkarateren obraren kalitatea da, haren begirada propioa, erretratatutako pertsonekiko enpatia eta hurbiltasuna, eta argazkigintzan izan zuen maisutasuna.
Kutxa Fundazioaren Fototekaren testuinguruan, haren ondarea zaintzeak emakume argazkilari baten lehen funtsa jasotzea dakar, gainera. Ekarpen hori funtsezkotzat jotzen dugu, eta emakume argazkilarien lana kontserbatzeko eta haren garrantzia nabarmentzeko konpromisoa hartzen dugu. Isabel Azkarateren Funtsa ere oso esanguratsua da, gure historia hurbilean berebiziko garrantzia duen garai bat hartzen baitu, 80ko hamarkadatik gaur egun artekoa, eta orain arte gure artxiboan oso gutxi jasotako hamarkadak dira.
Kutxa Fundazioaren konpromisoa ondare handi horri eustea eta argazkilari handi honen lana zabaltzea da, eta norabide horretan, 2023ko azaroan, atzera begirako erakusketa handi bat aurkeztuko dugu Kutxa Kultur Artegunea aretoan, Tabakaleran. Bertan, Azkarateri eskainitako lehen liburu monografikoa aurkeztuko da, Kutxa Fundazioak, Blume-k eta Photographic Social Vision Fundazioak elkarrekin argitaratua.
Kutxa Fundaziotik Photographic Social Vision Fundazioaren lana eta eskuzabaltasuna eskertu nahi ditugu. Fundazio horrek Isabel Azkarate ordezkatzen du, eta haren obra kontserbatu, kudeatu eta zabaltzeaz arduratu da azken urteotan.
Isabel Azkarate. Halloween Nueva York, 1994
Isabel Azkarate. Javier Gurruchaga y Popocho. Barcelona, 1980
Isabel Azkarate Morera (Donostia, 1950)
Isabel Azkarate Morerak (Donostia, 1950) Nikon F2 kamera bati esker egin zituen lehen sartu-irtenak argazkilaritzan. Kamera hori 1977an erosi zion Sebastianet Morerari, amaren lehengusu eta “Los chavales de España” musika-taldeko kide eta Miamin bizi zenari. Kamera horrekin Kataluniara joan zen Bartzelonako Centre Internacional de Fotografia (CIFB) zentroan argazkilaritza ikastera. Ikastetxe aitzindari hura 1978an sortu zuen Raval-eko txinatar auzoan Albert Guspi erreportaje-argazkilari eta galeristak, jardunean zeuden argazkilari ezagunek kudeatzen zuten, gizarte-ingurunea islatzeko eta galdekatzeko adierazpide gisa irudiaren bultzatzaile eta aldekoak zirenek.
Bartzelonan, Kataluniako mugimendu artistikoaren sortzaileek hartu zuten, hala nola Fernando Amatek —Vinçon dendaren sortzaile eta egileak—, Xavier Mariscal ilustratzaileak, Fernando Salas eta Pepe Cortes interiorista eta diseinatzaileek, eta Bigas Luna zinemagileak; horiekin adiskidetasun ona izan zuen, eta horri esker ezagutu zituen artista gehiago, beren gisakotzat hartu eta lehen lan profesionalak erraztuko zizkiotenak. Hala, Pep Salgot zinema-zuzendari eta adiskidearen Mater Amantísima (1980) filmaren promozio-argazkia egin zuen, edo Dunia aldizkariak New Yorkeko hiriari buruzko argazki-erreportaje bat egiteko mandatua eman zion, hilabete batzuk geroago (1980) haren lehen argitalpena izan zelarik, eta haren lanbide-ibilbidearen hasiera.
CIFBeko zuzendariak ziurtatu zion argazkigintzako prestakuntzarik onena Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko eskoletan ematen zela, eta hark aholkatuta Rochester hirira joan zen Visual Studies Workshops ospetsuetan matrikulatu ondoren. Haren irakasleetako bat Nathan Lyons argazkilari, komisario eta tailerren sortzailea izan zen. Lyonsek argazkilaritza defendatzen eman zuen bizitza, ez bakarrik kazetaritza-fakultateetan diziplina gisa, baita berez arlo akademiko bat merezi duelako ere. The Society of Photographic Education (SPE) erakundearen sortzailea ere izan zen, eta Lyonsek lan nekaezina egin zuen argazkilaritza kultura garaikidea garatzeko eta aztertzeko funtsezko tresna gisa onar zezaten egileek, teorialariek eta publikoak.
Manhattanen beste prestakuntza-tailer batzuk egin zituen New Schoolen eta International Center of Photographyn (ICP), eta tradizio dokumental amerikarrean hain errotua dagoen kaleko argazkigintzaren (Street Photography) generora bideratu zuen bere prestakuntza. Lisette Model argazkilari ezagunak, tutore zorrotzak, hirian zehar erreportaje batzuk egitera bultzatu zuen Isabel, eta harengandik ikasi zuen kliskatze bakoitzean kontakizun bat sortzeko edo inspiratzeko aukera dagoela.
1981eko irailean bere jaioterrira, Donostiara, itzulita, sendotua zuen bere autore- edo egile-ahotsa, eta edozein lan egiteko eta mandatuak jasotzeko, komunikabideentzat lan egiteko eta argazkilari gisa profesionalki garatzen jarraitzeko konfiantza sentitzen zuen. Gainera, oso motibatuta zegoen Estatu Batuetan egindako bildumak partekatzeko, eta, beraz, New York 1980-81 seriea inprimatu zuen, eta lortu zuen Alga galerian (Donostia) eta Fotomanian (Bartzelona) erakustea eta bere lehen kopiak saltzea. 1983an, Isabel La Voz de Euskadi egunkari sortu berriarekin kolaboratzen hasi zen. Egunkari hori euskal prentsa publikoa bermatzeko sortua zen, kazetarien kooperatiba batek kudeatuta. Bera izan zen, gizonezko argazkilari askoren artean, 1985ean desagertu zen arte egunkarirako era guztietako gai eta albisteak eman zituen lehen emakumea eta bakarra.
Isabel Azkarateren funtsa
Isabel Azkaratek Kutxa Fundazioaren Fototekari eskuzabaltasunez lagatako fondoan gutxi gorabehera 175.000 negatibo daude, lan-dokumentazioa, ukipen-kopiak, garai hartako jatorrizko argitalpenak, eta argazkilariak bere ibilbide profesionalean erabilitako kamerak.
Artxibo honetan, fotokazetariaren 40 urte baino gehiagoko lana dago, eta berak jorratutako gai ugari. Haren egile-ahotsa eta kalitate artistikoa erakusten duten irudi eta bildumez gain, haren lana funtsezkoa da gure historiaren eta kulturaren zati garrantzitsu bat dokumentalki argitu eta erakusteko.
Estatu Batuetako prestakuntzan eta esperientzian emandako urteetatik, Street Photography gisa defini ditzakegun irudiak aurkitzen ditugu, Isabelek irrika handiz erretratatzen baitu New Yorkeko bizitza, bereziki azpimarratuz bertako pertsonaiak. Badirudi iman bat duela pertsona interesgarri eta bitxiak detektatzeko, bere kamerarekin ehizatu eta bilduma egiten du. Haren begirada gehien erakarri zuen komunitateetako bat, zalantzarik gabe, LGTBIQ+ pertsonek osatzen dute. Kolektibo antolatua eta ikusgaitasun publikoko gune argiak dituena. Haren ekintza-askatasunagatik, beti errebindikazio-kutsukoa zen haren festa-kutsuagatik, Isabel konplizitatez hurbildu zen komunitate harengana.
Behin Euskal Herrira itzulita, erreportari gisa bizi izan zuen testuinguru sozial, politiko eta kulturalaren ondorioz eta La Voz de Euskadi egunkariaren ohiko kolaboratzaileetako bat izanik, Azkarateren artxiboak euskal eta, bereziki, Donostiako aktualitatea markatu zuten hainbat gertaera biltzen ditu. Laurogeiko hamarkada da Isabelen etaparik sendoen eta fotokazetari-lan handienekoa. Dokumentatzen zituen istorioen protagonistengana iristeko aukera ona eman zion bere jendetasunak, hala nola Martuteneko espetxean preso zeudenengana, Santa Agedako Ospitale Psikiatrikoko pazienteengana, Madrilgo Auzitegi Nazionalera amore ematera trenez joandako «polimili»engana edo desintoxikazio-proiektu batean artatutako nerabe-talde batengana.
Grafikoki ematen zuen lekukotasunaren gogortasunak hunkituta, batez ere Berunezko Urteetako eguneroko bizimoduari dagokionez —haren artxiboak sakon eta xehetasunez jasotzen ditu euskal gatazkaren urterik gogorrenak—, Isabelek 90eko hamarkadan gozamenerako eta esploraziorako bide gisa hartu zuen berriro argazkigintza. Haren artxiboan, Euskal Herriko barnealdean egindako bidaien lekukotza dago; horrela herrialdearen errealitatera hurbiltzen da, eta paisaia horietako protagonistengan jartzen du arreta berriro. Horrela, New Yorken hain gogoko zuen pertsonaien bilduma egiten hasten da berriro: baserritarrak, arrantzaleak, erretiratuak, mojak, esne-saltzaileak, meza-laguntzaileak, sukaldariak, saltzaileak... bidean gurutzatzean erakartzen duten pertsonak, eta erretratatzen dituenak.
Haren argazki-funtsean kultura garaikideko artista esanguratsuenen erretratuen album zabala ere aurkitzen dugu. Artearekiko zaletasun handia zuenez eta era guztietako ekitaldi artistikoen kontsumitzaile amorratua izanik, argazkigintzarekiko irrika aseezinak gizarte- eta kultura-bizitzaren bilakaera lehen lerrotik jarraitzera eraman zuen, eta protagonista askoren ohiko argazkilari bihurtu zen. Artxiboan artisten katalogo zabal-zabala dago, egia esan, gertuko lagunak, eta Isabelek bizitza, erronkak, asteburuak eta konplizitate eta intimitate handia partekatzen ditu haiekin.
Kutxa Fundazioaren Fototeka
Kutxa Fundazioaren Fototekak 2023an berrogeita hamar urte bete ditu. Aberastasun handiko argazki-artxiboa da, ez bakarrik bere bolumenagatik (1,5 milioi irudi eta objektu), baizik eta bere funtsen kalitateagatik.
1973an sortu zen, Marín eta Photo Carte funtsak eskuratzean. Denbora horretan, Fototeka Kutxak bi milioi argazki-objektu inguru bildu ditu, hogeita hamar bat funts eta bildumatan banatuta.
XIX. eta XX. mendeko Gipuzkoako historia politiko, sozial eta kulturala hobekien islatzen duen argazki-artxiboa osatzen dute Kutxa Fundazioaren Fototekako argazki-funtsek, eta gaur egun Gipuzkoako oroimena gordetzen duen argazki-artxiboa da.