Paperean jarriko du arreta San telmo Museoaren eta Kutxa Fundazioaren argazkien kontserbazioaren inguruko ikastaroak
Ikastaroaren hirugarren edizio hau azaroaren 29tik abenduaren 1era egingo...
Ikastaroaren hirugarren edizio hau azaroaren 29tik abenduaren 1era egingo da eta matrikulazio epea gaur zabalduko da, urriak 23; ikastaroarekin lotuta bi saio ireki ere egongo dira.
San Telmo Museoak eta Kutxa Fundazioak argazkiak kontserbatzeko ikastaroaren hirugarren edizioa antolatu dute azaroaren 29tik abenduaren 1era. Aurten paperaren gaineko objektu fotografiko historikoak kontserbatzeari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa izango da: Fotografías en soporte de papel: identificación, análisis y conservación.Programa ikusi
Ikastaroa San Telmo Museoan egingo da eta Rosina Herrera eta Laura Covarsí izango dira irakasleak eta publiko profesionalari zuzenduta egongo da.
Lehenengo egunean, azaroak 29, argazki-objektu ezberdinak aztertuko dituzte, non papera den objektu horien euskarri edo euskarriaren parte. Paper gaineko hainbat argazki-tipologia identifikatzeko gakoak, eta patologiak aztertzeko eta baloratzeko metodoak azalduko dituzte. Halaber, objektuak ekoizpen-testuinguru historikoaren arabera behar bezala interpretatzeko jarraibideak emango dituzte.
Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, batetik, prebentziozko kontserbazioa landuko dute eta, horretarako, aztertuko dituzte paperezko euskarridun argazkiak nola biltegiratzen eta erakusten diren eta muntatzeko eta egokitzeko proposamenak zein diren; bestetik, obra fotografikoaren azterketari aplikatutako azterketa eta analisi teknikak azalduko dituzte.
Bi saio ireki
Jardunaldien osagarri, bi saio ireki eskainiko dituzte, publiko orokorrari zuzenduak:
- Cuidado y custodia de archivos familiares; Laura Covarsí, Rosina Herrera, azaroak 28an.
- Recuperación y conservación de archivos de mujeres fotógrafas, Silvia OmedesAbenduak 2an.
Argazki-funtsak tratatzeko lan-lerroa
Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak, 2019an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da ikastaro hau, aurten hirugarren edizioa duena. Besteak beste, argazki-funtsen tratamenduari buruzko lan-ildoa indartzeko asmoz antolatua dago, izan ere, ondare mota hori pisu handia hartzen ari da azken urteotan, eta ezagutza eta prozesu espezifikoak behar ditu.
Hala, lehen edizioa argazki funtsak kontserbatzeko irizpideen ingurukoa izan zen eta bigarrenak argazkigintzan erabili izan den materialetako batean jarri zuen arreta, beiran, hain zuzen ere.
Argazkigintza geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari da museoek gordetzen dituzten bildumetan eta programatzen diren erakusketetan, hala museo handietan eta txikietan, nola erakusketa zentroetan. Inguru hurbilean hainbat erakundek gordetzen dituzte argazki funtsak eta egiten dituzte argazki erakusketak: Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Euskadiko Artxibo Orokorra, Koldo Mitxelena Kulturunea, Tabakalera, Donostiako Liburutegi Nagusia, eta Zarauzko Photomuseum.
Guztien artean, azpimarratzekoak dira Kutxatekak eta SanTelmo Museoak gordetzen dituzten bildumak. Bi kasuetan, balio dokumental handiko materiala da, ezinbestekoa gure iragana ezagutzeko eta era guztietako alderdiak ilustratzeko: landa garapena, hirikoa, industriala, bizimoduak, paisaia, pertsonaiak, gatazkak...
Material horien azterketa espezifikoa modu sistematiko eta zorrotzean egin behar denez, eta material horiek behar bezala kontserbatuko direla eta gero zabalduko direla bermatu behar denez, beharrezkoa da beste zentro eta profesionalen esperientzia ezagutzea besteak beste, gai hauen inguruan: kontserbazioa, berrikuntza, digitalizazioa, dokumentazioa, biltegia, irisgarritasuna, zabalkundea edo argazki futsak.
Horrela, bildumen azterketa, kontserbazioa eta zabalkundea egoki bideratzea da helburua eta, aldi berean, informazio eta prestakuntza hori eskura jartzea argazki-ondarea ere zabaltzen duten erakunde eta pertsonei, etorkizuneko lankidetzak erraztuko dituzten profesionalen sarea osatuz.