Xare Álvarez, Artea Abian programan parte hartuko duen hurrengo artista
Xare Álvarez Berakoetxea da Artea abian proiektuaren bosgarren edizioan parte hartuko duen hurrengo artista, aurrekoetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak, Kimia Kamvarik eta Mikel Otxotekok parte hartu ondoren. Bere lanekin osatutako erakusketa 2024ko maiatzean jarriko dugu ikusgai museoko laborategian.
Xare Álvarezen ibilbidea eskulturaren esparruan garatu da. Gorpuzkera arineko objektuak eta materialak, forma malguak eta moldekagarriak, metatzeko eta biltzeko ariketa du abiapuntu. Azken batean, forma horiek aldatu egin daitezke, eta manipulazio, jabetze eta testuingurutik ateratzeko prozesuen mende jartzen ditu.
Artea abian ekimenaren bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean erakusketa indibiduala egitea erraztea da. Erakusketarekin batera, gainera, katalogo bat argitaratuko da, elementu garrantzitsua zabalkunde tresna delako.
Programa honetako partehartzaileen aukeraketarako esparru geografikoa Gipuzkoako lurralde historikoa da, artistaren jatorri eta/edo jarduera leku gisa. Horrek esan nahi du artista hautagarriak direla lurraldean jaiotako edo hari lotutako pertsonak, lotura hori modu zabal eta irekian ulertuta.
Arte garaikidea sustatzeko ekimen honek Museo Bikoitza proiektuarekin bat egiten du San Telmo Museoan, non artistek San Telmoren bildumatik abiatuta lan egiten duten. Artea Abian egitasmoan parte hartzen dutenek ibilbide ez hain finkatua izan arren, bi proiektuek San Telmo Museoak euskal arte garaikidearekin duen konpromisoa indartzen dute. Halaber, haiekin lehian izatetik urrun, ekimen berri honek testuinguruari laguntzeko proiektuen eszena indartzen laguntzen du, espazio berri bat txertatuz. Proposamenak Kutxa Fundazioaren erakusketa aretoen programazioa ere osatzen du, eta lurraldeko arte sorkuntzarekin duen konpromisoa indartzen du.
Xare Álvarez (Donostia, 1990)
Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUn eta École Nationale Supérieure des Beaux Arts-en (Paris). Duela gutxi, hainbat beka eta sari jaso ditu, hala nola INJUVE gazteen sorkuntzarako laguntzak, Guggenheim Bilbao Museoaren EGINBERRI beka, TBK-CAC La Synagogue de Delme truke-erresidentzia edo Gipuzkoako Artista Berrien Programaren ohorezko aipamena.
Erakusketen artean nabarmentzekoak dira Pulso, Altxerri Galeria (Donostia, 2022); Baginen bagara, San Telmo Museoa (Donostia, 2021); Un momento atemporal, Tabacalera (Madril, 2020); Canon, Sala Amadís (Madril, 2019); BiDosTwo, Azkuna Zentroa (Bilbo, 2018); Eginberri, Guggenheim Bilbao Museoa (2017); Orsal, Bel Ordinaire (Pau, 2017); Guéoir, Atelier del CAC La Synagogue de Delme (Delme, 2016); eta 15/32, Koldo Mitxelena Kulturunea (Donostia, 2016).