Gazte Ekoliderrak edizio berria abian
Gaur ireki da Gazte Ekoliderrak formakuntzan izena emateko deialdia. Izen-ematea zabalik egongo da abenduaren 2ra arte.
Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren kolaborazioarekin, sustatutako programaren helburua gazteak jasangarritasunean eta lidergo gaitasunetan trebatzea da. 18 eta 30 urte arteko 30 gazte aukeratuko dituzte programan parte hartzeko, eta bi erakunde antolatzaileek % 80an bekatuko dute haien formakuntza
Lurra deika ari zaizu
Egungo krisi klimatikoari eta gizarte krisiari aurre egitea eta etorkizun jasangarria lortzea premiazko erronka da. Aurtengo Gazte Ekoliderrak deialdiaren leloak azpimarratzen duen moduan, lurra deika ari zaigu. Horregatik, jasangarritasunean interesa duten gazte aktiboak trebatzea eta inplikatzea ezinbestekoa da, eta hori da formazio programa honen lehentasunezko helburua.
Programa 3 dimentsiotan banatzen da: trebatu, ekin, izan. Ezagutzak zabaltzeko ez ezik, gazteak ekintzarako ahaldunduko dira, eragile aktibo bihurtu daitezen. Izan ere, honakoa jasangarritasunean eta eraldaketarako lidergoan oinarritutako formakuntza eta bizitza ibilbidea da.
Jasangarritasunaren markoan, besteak beste, kontsumo berde eta zirkularra, eko-feminismoa, fiskalitate eta finantza berdeak, eraldaketa energetikoa, bioaniztasuna, etab. gaietan sakonduko dute ikasleek. Lidergoari dagokionez, lidergo pertsonala, talde lidergoa; dialogoa eta entzutea eta lidergo eraldatzailea… landuko dira. Azkenik, gazteen jarrera aktiboa sustatzeko, besteak beste, berrikuntza sozialaren kontzeptuaz aritzeaz gain eraldaketan ari diren agenteekin harremantzeko eta ekintza zuzenak antolatzeko aukera izango dute.
Eta trebakuntzan landutako gaien inguruko ideiak errealitate egin ahal izateko parte hartzaileek prototipo bat gauzatzeko pausoak emateko aukera izango dute bidelagun eta tutoreen laguntzaz. Ibilbidean zehar jasangarritasunean, lidergoan eta ekintzailetzan adituen koordinazio-taldea izango dute alboan. Bakoitzaren aurrerapausoen jarraipen zuzena egingo dute, eta aholkuak eman.