Hitzetatik – Ekintzetara: herritarrak Agenda 2030arekin inplikatzeko modu berri bat
- Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek Hitzetatik – Ekintzetara egitasmoa aurkeztu dute gaur, gizartea Agenda 2030era hurbiltzeko eta honek zehazten dituen helburuetan inplikatzeko.
- Hirugarren sektore eko-sozialeko hainbat eragilerekin elkarlanean, KLIK ekintza-programa sortu da. Maiatzetik ekainera, ekimen ugari antolatuko dira, eta haietan parte hartzen duten herritarrek, gizartean positiboki eragingo dute, ongi pasatzen duten bitartean.
- Urtero kezka-gai bat izango du ardatz egitasmoak. Lehen edizio honetan, Gose eza (Garapen Jasangarrirako 2. helburua) izango da.
Hitzetatik – Ekintzetara egitasmo berria martxan jarri dute Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek. Proiektuaren asmoa herritarrak Agenda 2030era hurbiltzea da, honek zehazten dituen helburuetan herritarrak aktibatu eta inplikatu daitezen.
Hala, Gipuzkoako 3. sektore eko-sozialeko eragileekin elkarlanean, maiatzetik ekainera luzatuko den KLIK ekintza-programa prestatu dute. Bertan, gozatuz elkarrekin ekitea helburu duten hainbat ekintza diseinatu dira, eta jarduera horietan parte hartuta, ongi pasatzeaz gain, gizartean inpaktu positiboa eragiteko aukera izango dute herritarrek. Gainera, KLIKek norbanakoen errealizazio pertsonala ere badute jomugan, ekarpena eginez, norbera bere buruarekin ongi sentituko baita.
Proiektuak kezka nagusi bat izango du ardatz urtero. Lehen edizio honetan, 2. Garapen Jasangarrirako Helburua izango da: Gose eza. Zehazki, 2.1 puntuan: Pobrezia -eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonek, batez ere urtebetetik beherako haurrek, urte osoan elikadura osasuntsua, elikagarria eta nahikoa izango dutela ziurtatzea.
Asmo onak ekintza on bilakatuz: BainaBai Mugimendua
Horregatik, egitasmoaren baitan sortu da BainaBai Mugimendua, BAINA esatetik BAI esatera pasatzen diren pertsonen mugimendua. Gizarte erronkekin inplikatzeko, jarrera aldatu duten pertsonak ikusarazi eta balioan jarri nahi ditu mugimenduak, norbanakoaren errealizazioa indartu eta konpromiso kolektibo baten parte direla azpimarratu.“
Programa osatzeko, Kutxa Fundazioa eta Arantzazulab elkarlanean aritu dira alor honetan lanean diharduten eragileekin Guztira 23 eragilek egin dute bat egitasmoarekin, eta haien ezagutzak uztartuz sortu da aurtengo programa, bi mugarri nagusi dituena:
- KLIK PROGRAMA 2023.
Maiatzetik ekainera, KLIK izeneko jarduerak antolatuko dira.
Programa zehatza datozen egunetan ezagutzera emango den arren, 8 jarduera izango dituela aurreratu dute antolatzaileek, besteak beste: jangela solidario bat jatetxe bilakatuko da astebetez; gazteei zuzendutako Transformer Festa egingo dute, alferrik botatzen diren elikagaiak eraldatzeko eta aprobetxatzeko; elikagaien udaberriko bilketa handi; Food ODS Solidario Trucklikak ibiltaria ibiliko da Gipuzkoan; Bono Bidezko azoka bat egingo da Tolosan; BainaBai Mugimenduaren filtroa Instagramen egitasmoaren zabalkundea egiteko, etab.
- TOPAK.
Urrian jaialdi bat antolatuko da, urtean bizitakoaren ospakizun gisa.
Aktibazio mailari eusteko eta mugimendu kolektiboa ikusarazteko aukera izango da, eta guztion inplikazioak gizarteari on egiten diola agerian jarriko du.
Honez gain, egunerokotasunean bizi-ohiturak aldatzera bideratutako tresna edota produktuak sortu eta aurkeztuko dira bertan. Tresna horien bidez, herritarrek aukera izango dute kezka-gaiari (Gose eza) ekarpena egiten jarraitzeko, oso modu errazean. Uda ostean azalduko dira TOPAK jaialdiaren xehetasunak.
Klik programaren ko-sorkuntzan parte hartu duten eragileen zerrenda
Asociación Jatorkin AL-Nahda, Asmoz Fundazioa, Asociación de solidaridad y Ayuda humanitaria ZUTANI, Basque Culinary Center, Biziola, Bizipoza Kultur Elkartea, Bretxa Merkatua, D'Elikatuz, Gazte Ekoliderrak, Enraíza Derechos ONGD, Esperanza Latina, Gipuzkoako Elikagai Bankua, Gizalde, Gure Platera Gure Aukera, Harrera Sarea, Hernani Burujabe, Hezkide Eskola, iHub Donostia, Lagunkiro Ordizia, Ordiziako Udala, SOS Racismo, The Languages of Energy, Tolosako Udala (Eliker), Zaporeak.
Irudietan, Ander Aizpurua (Kutxa Fundazioa), Naiara Goia (Arantzazulab); Maite Peña (Gipuzkoako Foru Aldundia); Asier Aranbarri (Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiko Berrikuntza Soziala) eta 3. sektoreko agenteak, aurkezpenean.