4 proiektu eraldatzaile, jasangarritasunaren erronkari aurre egiteko

Descripcion Corta
Pasa den larunbatean, maiatzaren 6an, Gazte Ekoliderrak programako...
Texto largo

Pasa den larunbatean, maiatzaren 6an, Gazte Ekoliderrak programako parte-hartzaileek azken hilabeteetan landutako proiektuak aurkeztu zituzten. Guztira 20 gaztek hartu dute parte aurtengo edizioan eta, talde desberdinetan antolatuta, 4 proiektu garatu dituzte jasangarritasunaren erronkari alor desberdinetatik aurre egiteko. Aurkezpenak Kutxa Kultur Plazan egin ziren, eta bertan izan ziren proiektuaren sustatzaile diren Kutxa Fundazioko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko ordezkariak.

Gazte Ekoliderrak programaren helburua gazteak jasangarritasunean eta lidergo gaitasunetan trebatzea da, gizarte eraldaketaren sustatzaile izan daitezen.

Programak 3 dimentsio nagusi ditu: trebatu, ekin, izan. Jasangarritasuna ikuspegi holistiko batetik aztertzeaz gain, gazteak ekintzarako ahalduntzea du helburu formakuntzak, eragile aktibo bihurtu daitezen. Larunbatekoa ekin fasearen aurkezpena izan zen.

20 gazte, 4 proiektu eraldatzaile

Gazte Ekoliderrak formazio-ibilbidearen helburu nagusietako bat jasangarritasunaren ezagutzan sakontzeko ikuspegi holistikoa lehenestea da, eta aurtengo proiektuak horren adibide garbia dira. Gazteek aztergai desberdinak izan dituzte, eta ondorioz, proposamenek ere jasangarritasunari lotutako erronka desberdinei erantzuten diete. Aurten aurkeztutako lau proiektuak:

BESARKA

Irene Sierra, Ainhoa Juaristi eta Nekane Orkaizagirre kideek garatutako proiektuak zaintzaren eta ongizatearen inguruko hausnarketa gizarteratzea du helburu. Horretarako, DBHko ikasleek zaintzaren inguruan hausnartu dezaten, ipuin-jolas bat sortu dute lehen fase honetan. Eta aurrerago, zaintzarako baliabideak erraztuko dituen plataforma bat garatzeko urratsak egiteko asmoa dute.

TRANSFORMER FEST

Zazpi gazte ekoliderrek osatutako egitasmoa da: Xabat Iruiñ, Mikel Fernandez de Añastro, Maddi Etxeberria, Itziar Rezola, Amaia Fernandez, Sara Jimenez de Aberasturi eta Shuyana Deba. Transformer Fest ekimena ekainaren 25ean egingo da Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek garatu duten Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren barruan. Proiektuak elikaduraren xahuketari erantzun nahi dio, kolektibo zaurgarrienekin saretuta. Horretarako, alferrik galdutako elikagaiekin herri-bazkari bat antolatuko da Donostiako Alde Zaharrean. Egitasmoaren baitan, egun osoko ekintza gehigarriak diseinatu nahi dituzte..

EKOTEKA

Asier Aranburu, Leire Arregui eta Amaia Ortiz de Elgueak diseinatutako proiektu honek ekonomia zirkularra eta erantzukizun soziala ditu oinarri. Kontsumo alternatiba berriak proposatzen dituen egitasmoa da Ekoteka, lan-tresnen alokairua eta konponketa zerbitzua eskaintzen duen gunea.

APARKELEKUA

Andoni Iriondo, Garazi Alcorta, Nere Arroniz, Jimena Padilla eta Telmo Puente-ren Aparkeleku proposamenak espazio publikoei erabilera ezberdinak eman nahi dizkie. Horretarako, urtean behin, autoen erabilerara mugatzen diren aparkalekuak herritarrei zabaltzeko asmoa dute, eta proposamenak lantzeko, herritar eta eragileen parte-hartzea sustatu nahi dute, nork bere auzoko espazio publikoetan zer sortu erabaki dezan.

[irakurri gehiago prentsa-oharrean]


230506 GazteEkoliderrak proiektuen aurkezpena

Imagen Listado
Temática
Ingurugiroa
Fecha
Imagen Detalle
Fecha Texto
2023ko maiatzaren 10a