3.100 pertsona pasa dira hitzetatik ekintzetara. Mila esker Gipuzkoa!
Pasa den ostiralean, Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek TOPA! jaialdiarekin eman zioten itxiera Hitzetatik - Ekintzetara egitasmoaren lehen edizioari. Aurten Gose Eza helburuan zentratu da proiektua eta 3.100 lagun baino gehiagok parte hartu du ekintza erakargarrietan.
Herritarrak 2030 Agendara hurbiltzea ez da lan erraza. Abiapuntu honetatik sortu zuten Kutxa Fundazioak eta Arantzazulek Hitzetatik - Ekintzetara egitasmoa. Proiektuaren helburu orokorra herritarrak erronka kolektiboetan inplikatzeko modu berriak eskaintzea izanik, Gose Eza izan du ardatz lehen edizioak.
Hitzetatik - Ekintzetara aurkeztu eta 6 hilabetera 3.100 gipuzkoar baino gehiago inplikatu dira egitasmoan, 25 eragile izan dira bidelagun eta 10 klik-ekintza baina gehiago antolatu dira kausari erantzuteko.
Lorpenak ospatzeko eta proiektuan parte-hartu duten eragile eta herritarrei eskertza moduan, TOPA! jaialdia antolatu zuten Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek pasa den ostiralean Tabakalerako Kutxa Fundazioa plazan. Jaialdia aukera ezin-hobea izan zen bizitakoak gogoratzeko eta, emaitzek erakutsi duten bezala, egiteko modu berriak, erakargarriak eta eraginkorrak badaudela aldarrikatzeko.
Jaialdian ekimen desberdinak antolatu ziren. Hitzetatik Ekintzetara ibilbidearen erakusleihoa aurkeztu zen: proiektuko klik-ekintza guztiak jasotzen zituen erakusketa. Cocina de Guerrilla kolektiboaren “Zertan Gatza” proposamen berritzailean parte-hartu zutenek gatzez beteriko gutunak idatzi zituzten: gatzak bizilagunen arteko hartu-emanean historikoki izan duen sinbolismoa baliatuz, erakunde eta enpresei gose eza eta elikagaien xahuketari aurre egiteko eskaintza zehatzak eginez.
The Languages of Enegy-k “elikagai intertzeptatuen tailerrean” alferrik galdu behar ziren elikagaiak prestatu zituzten eta bertaratu zirenek dastatu ahal izan zituzten jaialdiaren amaieran. Dani Lasa sukaldariak baita sukaldaritzaren baitan gizarte berrikuntza nola txertatzen ari den azaldu ere.
Hitzetatik Ekintzetararen bigarren edizioa
Lehen esperientziaren ostean, Hitzetatik - Ekintzetara egitasmoaren bigarren edizioa iragarri zen. Proiektuaren oinarrian Garapen Jasangarrirako Helburuak aurkituko ditugu urtero eta, 2030era bitartean, helburu horiek ezagutarazteko eta hauetan inplikatzeko ekimenak abiaraziko dira. Bigarren edizioan Garapen Jasangarrirako 11. Helburua izango da aztergaia: Hiri eta Komunitate Jasangarriak.
Arantzazulab-eko zzendari nagusia den Naiara Goiaren hitzetan, “helburu honen baitan hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak lortzea bilatuko dugu”. Izan ere, eremu publikoak denon artean lantzen direnean bestelako erronka handi batzuei aurre egiteko bideak eraikitzen baitira, besteak beste, integrazioa, belaunaldi arteko elkartasuna, bakardadea eta ongizate emozionale.
Hitzetatik - Ekintzetara proiektuaren bigarren edizioan ere, Kutxa Fundazioa eta Arantzazulab eragile desberdinekin elkarlanean arituko dira KLIK ekintzen Programa lankidetzan garatzeko. Ander Aizpuruak, Kutxa Fundazioko zuzendariak, adierazi zuen moduan “Hitzetatik Ekintzetara ko-sorkuntzan oinarritutako bidea da, modu berriak, ezberdinak, erakargarriak sortzea helburu duena”.
Konpromiso ekosoziala aktibatzeko ohiko moduek ohiko erantzunak ematen dituzte. Proiektuak orain arte Agenda 2030arekin bat egin ez duten pertsona eta erakundeetara iristeko modu ezberdinak eskeiniko dizkie aktibatze pauso hori eman nahi duten herritarrei.
Azken klika: BainaBai Mugimendua
Hitzetatik - Ekintzetara egitasmoak herritarrak mugiarazi nahi ditu, jarrera aldaketa hori sustatu, herritarrak horrelako ekimenen aurrean BAINA esatetik BAI esatera igaro daitezen: klik egin dezaten.
Jarrera aldaketa hau egin nahi dutenen topagunea izateko helburuarekin, BainaBai Mugimendua sortu du Hitzetatik Ekintzetara egitasmoak. Interesa duen hiritar orok bat egin dezake mugimenduarekin, eta aukera izango du, datozen egitasmo, ekintza eta mugarrien berri izateko.
Bat egiteko galdetegia, hemen dago eskuragarri.