Bihotz Berdeak, mikologoak egun batez
Pasa den igandean, gure Bihotz Berdeek, programako bigarren saioa burutu berri dute, oraingo honetan mikologoak izan dira egun batez, eta mikologiaren paradisua den Artikutzan igaro dute goiza onddoak topatzeko lekuak bilatuz, onddoak bilduz eta hauek identifikatuz.
Baina argi eduki mikologia, ez dela soilik jateko diren onddoak identifikatu, bildu eta sukaldatzera mugatzen, izan ere gurean, jateko erabiltzen ez ditugu milioika onddo espezie daude, asko lurpean bizi direnak eta ez garenak daudenik ere ohartzen, baina garrantzia oso handia dutenak gure baso eta ekosistemen osasunean. Mikologo batek, onddoak hazten diren guneak eta habitatak topatzen ditu, garaian garaiko behaketak egiten ditu eta identifikatzeko behar bada, onddoen ugal egitura diren perretxikoak, boilurrak, astaputzak… bildu egiten ditu gero ikertzeko.
Artikutzak dituen ezaugarri klimatikoengatik, onddoentzako hazteko natur-gune paregabe bat da, horrez gain baso mota ezberdinak daude eta zuhaitzen sustraiekin batera biziz diren onddo mikorriza espezie ugari behatzeko aukera ematen du. Hau gutxi balitz, dagoen egur hilagatik, zuhaitzen ustelduraz arduratzen diren onddo espezieentzako ere eremu egokia da hazteko, beraz, Bihotz Berdeek beraien mikologia nahia asetzeko material ugari izan dute.
Onddoen jakintzaz haratago taldean basoan murgiltzea, elementuen behaketa kontzientea lantzea eta bilaketan kontzentratzeak, buru eta gorputzari ematen dizkion onurez jabetzeko astia ere izan dute. Mikologia, perretxikoak biltzea baino askoz ere gehiago baita!
Hurrengo saioan ilustrazio zientifikoa landuko dute eta… ez dira naturara aterako! Natura orrialde txuri batean islatzen ikasiko dute.