Elhuyar Zientzia Azoka | 700 gazte bilduko dira Bilboko Areatzan 200 STEAM proiektuak erakusteko

Descripcion Corta
Gaur aurkeztu da 2023ko Elhuyar Zientzia Azoka. Aurten, 3 egun iraungo du...
Texto largo

Gaur aurkeztu da 2023ko Elhuyar Zientzia Azoka. Aurten, 3 egun iraungo du Elhuyar Zientzia Azokak, ekainaren 2tik 4ra, eta Bilboko Areatzan egingo da(ikusi egitaraua). Irekiera ofiziala ekainaren 2an izango da. Azoka martxan jartzen den unetik aurrera, gazteek ikasturtean landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak izango dira protagonista.

Azokako hiru egunetan, 12-18 urteko gazteek ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte. Ostiralean, ekainaren 2an, Batxilergoko eta DBH 3 eta 4ko ikasleen 105 proiektu egongo dira ikusgai; larunbatean, ekainaren 3an, DBH 3 eta 4ko 54 proiektu, eta, igandean, ekainaren 4an, DBH 1 eta 2ko 48 proiektu. Guztira, 700 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokako hiru egunetan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira gurekin: Italiatik eta Kataluniatik etorritako talde bana eta Galiziatik etorritako beste bost talde.

Hiru egun horietan, ikertzaileak ere izango ditugu Areatzan, gazteen proiektuak ebaluatzen, eta, datu guztiak jasota, sari-banaketa igandean bertan egingo da, ekainaren 4an, eguerdi-partean, 13:30ean. Hauek dira irabazleek jasoko dituzten sariak: egonaldiak ikerketa-enpresetan, ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak.

Elhuyar Zientzia Azokan, ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute.

Elhuyar Zientzia Azoka urtean zehar

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua gazteen artean zientziarekiko zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da, eta ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere. Aurten, hain zuzen, 1.450 gaztek parte hartu dute (horietatik, % 52 neskak, % 45 mutilak eta % 3 ez-bitarrak), eta 79 ikastetxek.

2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko 7.400 gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 2.200 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira, eta, horietatik, 970 lan inguru aurkeztu dira Bilbon antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan.

Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euroeskualdearen, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Kutxa Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.


230530 Elhuyar Zientzia Azoka

Imagen Listado
Temática
Zientzia eta hezkuntza
Fecha
Imagen Detalle
Fecha Texto
2023ko maiatzaren 30a