Lankidetzarako laguntzen deialdi berria
Kutxa Fundazioak Lankidetzarako laguntzen deialdi berria iragarri du.
Kutxa-Kutxabankeko DAD enplegatu-elkartearen, Jubikutxaren eta Kutxabankeko Inbertsio Etiko-Solidarioko Funtsaren ekarpenetik lortzen dira funtsak.
Eskaerak egiteko epea: 2022ko urriaren 3tik azaroaren 2ra arte.
Ebaluazio-batzordeak proiektuei buruzko ebazpena 2022ko abenduaren 2a baino lehen emango du.
Deialdiaren helburua da Garapenerako Lankidetzaren arloan Gipuzkoan egoitza edo ordezkaritza iraunkorra duten elkarte eta erakundeen proiektuei diru-laguntzak ematea. Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) lana eta lankidetza-proiektuak babestu nahi ditu, Hegoalde Globaleko herrialdeetan genero-berdintasuna, jasangarritasun ekologiko eta soziala eta giza eskubideak, zeharka edo era transbertsalean, sustatze aldera.
Laguntza-deialdi hau ahalbidetzen duten funtsak DAD eta JUBIKUTXAko bazkideen ekarpenetatik lortzen dira. Horiek urtean bildutako diru-kopurua Kutxa Fundazioak berdindu egiten du, eta horrela indartu egiten da erakundearen konpromisoa guztion ongizate eta gizarte-eraldaketarekiko.
Duela hamabi urtetik, Kutxa Fundazioa, Denon Artean Denetik (DAD, Kutxako enplegatuen elkartea) eta Jubikutxa (Kutxako enplegatuen, erretiratuen, aurre-erretiratuen eta pentsiodunen elkartea) lankidetzan ari dira Hegoalde Globaleko herrialdeetan garapen- eta lankidetza-proiektuetarako laguntzak kudeatzen.
Duela 25 urte baino gehiago, pobreziaren aurka borrokatzeko % 0,7ko ekarpena eskatzen zuten gizarte-mugimenduekiko sentikor zirelarik, lehengo Kutxako enplegatuek, DAD elkartearen barruan, orduan “Hirugarren Munduari Laguntzeko Batzordea” deiturikoa, egungo ekimenaren hazia, sortu zuten. Historikoki, lorturiko funtsen bidez garapenerako lankidetza-proiektu asko bultzatzeko aukera egon da. Gaur egun, denak bat datoz 2030erako Garapen Jasangarrirako Helburuekin.
Laguntza-deialdi honen bidez, Kutxa Fundazioak, DADek eta Jubikutxak Gipuzkoako Hirugarren Sektore Sozialeko (edo lurraldean egoitza edo ordezkaritza iraunkorreko) elkarte eta erakundeek aurkeztutako proiektuak babestu nahi dituzte, honako arlo hauetan proiektuak garatzen eta bultzatzen badituzte: era guztietako pobrezia desagerraraztea, osasuna, hezkuntza, emakumeen eta neskatoen ahalduntzea eta berdintasuna, eraikuntza eta saneamendua, lana eta hazkunde ekonomikoa, eta kultura, besteak beste.