Irun Hiriko Kutxa Literatura Sariak banatzeko gala berezia
Azaroaren 26an, Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien 50. urteurrena ospatuko da. Herritarrek gonbidapenak eskuratu ditzakete.
Gaztelaniazko zein euskarazko poesia eta eleberri jatorrizko eta argitaragabeei ematen zaizkie Irun Hiriko Kutxa Literatura Sariak, eta, ohikoa denez, 44. edizioan ere, Irun izango da sariak banatzeko galaren egoitza. Sariketak nazioarteko oihartzuna du, eta, aurten, parte hartzea historikoa izan da, aurrekaririk gabea.
Azaroaren 26an izango da sariketak bi urtean behin letrei egiten dien omenaldiaren ospakizuna, 19:30ean, Amaia KZn, eta interesdunek eskura dituzte dagoeneko galara joateko gonbidapenak, gehienez ere lau pertsonako, antzokiko webgunean, doan. Ekitaldiaren garrantzia dela-eta, hartzen dituztenek galara joateko konpromisoa hartzea espero da.
Sariak banatzeko gala musikaren, dantzaren, modaren, interpretazioaren eta literaturaren arteko elkarrizketa bat izango da, diziplina horiek guztiak bizikide naturalak baitira, eta bertako talentuak arituko dira erakusgarri: Iñaki Salvador pianista, María Berasarte abeslaria, Maialen Urdapilleta dantzaria, IGA abesbatza irundarra, Maitena Salinas aurkezlea –dramatizazio lanetan ere jardungo du– eta Fanny Alonso jantzigilea.
Aurten, gainera, mende erdia bete da sariak sortu zirenetik, eta, hori dela-eta, gala oso berezia izango da: Antonio Colinas poeta omenduko da, 1970eko Irun Hiriko Kutxa Poesia Sariaren irabazlea –sarien lehen edizioa izan zen 1970ekoa–, eta hil osteko keinu bat egingo zaio 1980ko euskarazko Poesia Sariaren irabazle Xabier Leteri.