Arantxa Urretabizkaia, euskal liburugintzaren aldeko ibilbide trinkoa eta esanguratsua egitegatik, saritua
Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 56. edizioaren sari-banaketa ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean egingo da 2022ko azaroaren 19an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Bertan izango dira lehiaketaren lau kategorietako irabazleak saria jasotzen: Karmele Mitxelena Etxebeste (euskarazko kontakiuzun liburua, Haragizko mamuak), Iñaki Cid Larrea (euskarazko antzerkia, Behin batean Loiolan), Fernando Villamia Ugarte (gaztelaniazko kontakiuzun liburua, Dioses de quince años) eta María Eugenia Salaverri García (gaztelaniazko antzerkia, Lejos de Cafarnaúm).
Aurtengo ekitaldia benetan berezia izango da eta sorpresa ugari izango ditu. Berta, Arantxa Urretabizkaia, euskal liburugintzaren aldeko ibilbide trinkoa eta esanguratsua egitegatik, saritua izango da.
Euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkartek osatutako epaimahaiak aho batez aukeratu du Arantxa Urretabizkaia: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri, Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea.
[Gehiago irakurri prentsa-oharrean...]
Arantxa Urretabizkaiari laudorioa
Urratzaile aritu da Arantxa Urretabizkaia literatur ibilbidean zein kultur jardunean. Bide urratze sotilak egin ditu ibilbidean zehar, baita kode eta pentsamendu urratze sotilak ere.
Bide urratzaile aritu da literatur gaiak jorratzean: besteak beste, 1979. urtean, dibortzioa legezkoa ez zen garaian, Zergatik panpox nobelan amatasunaren barne-korapiloak eta gizarte-zamak izan zituen literaturagai, emazte abandonatu baten ahotsetik; 1983. urtean, “Aspaldian” narrazioan bi emakumeren arteko desirari ahotsa eman zion; 1987. urtean, Saturno nobelan, maskulinitate hautsi bat irudikatzeko, alkoholaren eta poteoaren kulturaz jardun zuen, zeharka bada ere; 1998. urtean, Koaderno gorria nobelan, militantzia politikoaren eta amatasunaren arteko tentsioak izan zituen hizpide; 2010. urtean, 3 Mariak nobelan, zahartzaroko zaintza sareez jardun zuen. Hortaz, garaian garaiko gizarte auziei heldu die, gehienak ere garaitsu haietan ageriko auzi ez zirenak, literatur plazan ozen aipatzen ez zirenak. Hartara, gizarte normalitateaz besteko posizioak eta pertsonaiak gorpuztu izan ditu, bizi-ibilbide eta bizi-hautu zenbaiten inguruko erretratu sotilak eginez. Bizi-ibilbide horiek begirada zoliz zeharkatu ditu, eguneroko xehetasunetan arreta berezia jarrita, ñabardura txikien garrantzia hanpatuta.
Kode urratzaile ere aritu da Arantxa Urretabizkaia, genero literario ugaritan jardun duelako, baina sarritan genero literarioen kodeak ere berrasmatu dituelako, edo genero literarioen mugetan jardun duelako: narrazio luzetik nobelaranzko mugako eremuetan ibili da narraziogintzan; historia kolektibotik autobiografiaranzko mugako eremuetan ibili da Zuri-beltzezko argazkiak liburuan; edo saiakeratik autobiografiaranzko mugako eremuetan ibili ere Bidean ikasia liburuan.
Halaber, pentsamendu urratzaile aritu da Arantxa Urretabizkaia, liburugintzan ez ezik kazetaritzaren esparruan ere, askotariko moldeetan (zutabegintzan, elkarrizketagintzan, irrati eztabaidetan…). Pentsamendu zirikatzaile aritu zen ibilbidearen hastapenetan ere, itzultzaile lanak egin zituenean Lur argitaletxean. Besteak beste, Frantz Fanonen Afrikar iraultzaren alde itzuli zuen Ibon Sarasolarekin batera, eta aipagarria ere bada hitzaurrea, Simone de Beauvoirrekin elkarrizketan jarri zutelako Fanonen pentsamendua, gurutzatze eta galdera garaikidez zeharkatuz itzulpen ariketa ere. Zeharkatze eta gurutzatze askotarikoek sorturiko galderez josia dago Urretabizkaiaren pentsamendua eta literaturgintza.
Talde ekimenetan jardun izan du Urretabizkaiak: besteak beste, Lur argitaletxearen abaroan garatu zuen literatur ibilbidea; edo 1980ko hamarkadaren amaieran idazle emakume batzuekin batera (Amaia Lasa, Itxaro Borda, Laura Mintegi eta beste) Jakin aldizkariak sustaturik Emakumeak eta literatura gogoetagaia jorratu zuen plazarik plaza; edo Hondarribiko Alardearen auzian mugimendu feministarekin bat egin du. Nolanahi ere, talde jardun horietan, beti eutsi dio norberaren gela bat izateari, bere ekimen eta bide ñabartua egiteari.
Mende erdi beteko literatur eta kultur jardun hori omentzeko bildu gara gaur. Arantxa Urretabizkaiak, urratuz urratu, euskal liburugintzaren lurraldeetan sorturiko arrakala biziak eta bidezidor berriak ospatzeko elkartu ere. Sator-lan nekaezin horri geure estimua adierazteko.