Kursaal Eszenako denboraldi berriaren aurkezpena
Gaztetasuna eta adin nagusitasuna, berria eta klasikoa Kursaal Eszenaren denboraldi berrian.
2023ko otsailetik ekainera, Kursaal Eszenak 12 hitzordu proposatzen ditu: musika klasikoan, herri musikan zein haur eta familientzako musikan, ibilbide luzea duten artistak eta nabarmentzen ari diren gazteak edo proiektu berritzaileak eta egiteko modu klasikoak izango dira. Horrela, Eliseoko Zelaietako Orkestra duela hogeita hamar urtetik hona titular duen Philippe Herrewegheren zuzendaritzapean irtitsiko da Kursaalera eta Parisko Ganbera Orkestra, aldiz, Nil Venditti gaztearen zuzendaritzapean; eta Jethro Tull eta Steve Hackett beteranoez gain, Kursaalen izango dira Zaz frantziar kantaria eta Ojete Calor, Carlos Areces eta Anibal Gómezen musika-proiektua.
Denboraldi berri honetan, aurten ere, Kutxa Fundazioa enpresa elkartua da.
Denboraldia otsailaren 8an hasiko da, Salzburgoko Mozarteum Orkestraren eta Viviane Hagner biolin-jotzailearen eskutik, eta ekainaren 27an amaituko da, Steve Hacketten kontzertuarekin.
Herri musikako programazioan Zaz abeslari frantziarraren, Jethro Tull bandaren, Ojete Calor eta Steve Hacketten kontzertuak izango dira datozen hilabeteetan.
Musika klasikoan nabarmentzekoak dira Salzburgoko Mozarteumeko Orkestra eta Trevor Pinnock, Parisko Ganbera Orkestra eta Nil Venditti, Ensemble Il Pomo d 'Oro eta Francesco Corti, Eliseo Zelaietako Orkestra eta Philippe Herreweghe, edo Viviane Hagner, Jakub Jozef Orlinski eta Javier Perianes bakarlariak. Eta Opus Liricak Leoncavalloren Pagliacci opera aurkeztuko du.
Haur eta familientzat, Eskola Kontzertuak itzuliko dira eta Musika Familian ildoan Opus Liricaren Goazen operara eta Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren Elkarrekin sortu. Izango dira.
Denboraldi honetarako bai abonuak bai sarrerak www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatilan eskuratu daitezke.