Sorlekua Mentoretza, Gipuzkoako kultura- eta sormen-proiektuak bultzatzeko programa berria
Kutxa Fundazioak Sorlekua jarri du abian, Gipuzkoako kultura- eta sormen-eragileei zuzenduta dagoen eta sektorean proiektu bideragarri, jasangarri eta berritzaileak bultzatzea helburu duen programa
Lehenengo fase batean, azaroaren 15ean, Sorlekua Mentoretza programarako izena emateko deialdia abiaraziko da; 18 hilabeteko programa izango da, prestakuntzarekin, mentoretzarekin eta laguntza ekonomikoarekin. Factoría de Industrias Creativas, Berri Up eta izen handiko tokiko zein Estatuko mentoreen babesa izango du, hala nola Jaime de los Ríos, Ternua eta K6 Gestión Culturalen babesa.
Sorlekua Mentoretza ondorengo kultura- eta sormen-diziplinetako pertsonen ibilbide profesionalei eta proiektuei zuzenduta dago: eszena, musika eta musika-industria, liburuak eta eduki editorialak, moda, diseinua, retaila eta artisautza, kultura-turismoa, ondarea eta arkitektura, kulturari aplikatutako teknologia, kultura-kudeaketa eta -bitartekaritza, eta arte bisualak eta argazkilaritza.
Helburua da pertsona edo proiektu horiei haien proposamenen funtsezko alderdiak aztertzeko, berrikusteko eta birplanteatzeko tresnak eta metodologiak ematea, proposamen horien kudeaketa, ikuspegia, egokitasuna eta bideragarritasuna hobetzeko eta inpaktua areagotzeko. Hautatzen diren 10 proiektuak tarteko fase batean egongo dira, eta horiek bultzatzeko eta gero eta lehiakorragoa den merkatuan finkatzeko balioko du programak. Enpresetan prestakuntza-moduluak eta inpaktuari buruzkoak egongo dira eta, ondoren, mentoretza-saio indibidualak egingo dira tokiko eta Estatuko profesionalekin, produktuaren prototipoa egiteko eta merkatuan finkatzeko faseetarako. Horrekin batera, 10.000 euroko laguntza ekonomikoko poltsa bat izango du programak, proposamenen garapena eta inpaktua ahalik eta handiena izan dadin lagunduko duena.
Sorlekuak, gainera, Foroa eta Gurutzatuak programak ere izango ditu aurrerago. Foroa komunitate bat izango da, sektoreari konektatzeko aukera emango diona, proiektuak aberasteko eta baterako sorkuntzarako aukerak irekitzeko. Gurutzatuak, berriz, prestakuntzako, entretenimenduko eta sentsibilizazioko proiektu bat izango da, sormenaren bitartez, gurutzatutako eraldaketak sustatzea helburu duena. Prestakuntza-programa bat eskainiko da, kulturaren eta sormenaren sektoreko proiektuak beste testuinguru batzuetan landu daitezen; sektore ezberdinekin lankidetzan, arrakasta izan duten kultura-proiektuak ezagutzera emango dira, eta proiektu hibridoak sustatuko dira.
Sorlekua Mentoretza ekimenean parte hartzeko deialdia azaroaren 15etik abenduaren 15era egongo da irekita eta urtarrilaren amaierara arte luzatuko den hautaketa prozesu baten ondoren, 10 kultura- eta sormen-proiektu hautatuko dira. Arlo bakoitzeko adituek hautagaien lehen balorazioa eta hautaketa egingo dute eta ondoren, Sorlekua Mentoretza batzordeak, Kutxa Fundazioak izendatuta eta Patricia Casadok (BerriUp), Edurne Ormazabalek (Tabakalera), Enara Garciak (Kbulegoa) eta Ainhoa Unamunok (Bic Gipuzkoa) osatuta, gehienez 10 parte-hartzaile hautatuko ditu programan.
Kutxa Fundazioa, mende erdi Gipuzkoako kulturaren sektoreari laguntzen
Kutxa Fundazioak mende erdi baino gehiago darama Gipuzkoako kultura- eta sormen-sektoreen garapena eta profesionalizazioa bultzatzen. Kutxa Fundazioaren Plan Estrategiko berriak (2023-2030) laguntza hori sendotzea lortu nahi du, bere programak berrikusiz eta, detektatutako beharren eta sektoreari zuzendutako aldez aurretik dauden laguntzen arabera, programa horiek birbideratuz. Kutxa Fundazioarentzako, funtsezkoa da kultura- eta sormen-sektoreetatik hurbil egotea, Gipuzkoaren garapen jasangarrirako funtsezko oinarriak baitira, pentsamendu kritikoa sortzeko, erantzun berritzaileak emateko, lurraldea ezagutzera emateko eta lurraldea gaur egungo eta etorkizuneko erronkekin konektatzeko duten gaitasunari esker.