Inspira Gazteak Sarien lehen edizioa

Descripcion Corta
Kutxa Fundazioak Gipuzkoako talentu gazte eta konprometitua bultzatuko...
Texto largo

Kutxa Fundazioak Gipuzkoako talentu gazte eta konprometitua bultzatuko du.

●15.000 euro tarteko, Inspira Gazteak Sariak 20 eta 30 urte bitarteko lurraldeko gazteei zuzenduta daude.

● 5 sari banatuko dira 5 kategoriatan: Gizarte-ekimena, Ingurumen-ekimena, Hezkuntza-berrikuntza, Ezagutzaren sustapena eta Ekintzailetza..

●Honen bidez, Kutxa Fundazioak Gipuzkoa kultuagoa, sortzaileagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa egiten lagunduko duten erantzunak sustatu nahi ditu, gaitasun kritikoa eta konpromisoa bultzatuz.

Prentsa-oharra

Inspira Gazteak Sariak

Kutxa Fundazioak Inspira Gazteak Sarien lehen edizioa jarri du abian, ibilbide pertsonal eta profesionalagatik, lidergo eta hazkunde-potentzialagatik, ekintzailetza-gaitasunagatik, merezimenduengatik nahiz beste pertsona batzuentzako eredu izateagatik nabarmendu diren 20 eta 30 urte bitarteko Gipuzkoako gazteei babesa eta aintzatespena emateko asmoz.

Honen bitartez, gizarteko, ingurumeneko zein hezkuntza-berrikuntzako kausekiko eta/edo Gipuzkoako gizarte-eraldaketaren mesedeko ezagutza sortu eta sustatzearekiko konpromisoa eta ekintza frogatua duten bizitza-ibilbideak saritu nahi ditu.

Kutxa Fundazioak 15.000 euroko 5 sari emango ditu 5 kategoriatan. Horrez gain, Kutxa Fundazioak aukeratutako hautagaitzen ikaskuntza-trukean, zabalkundean, ikusgarritasunean eta sostenguan lagundu ahal izango du hautagaitza horiek sustatzeko, eta Kutxa Fundazioak bultzatutako ekimenekiko sinergiak sortzen lagunduko luke.

Bost kategoria

Sari hauetan, bost kategoria daude: Gizarte-ekimena, Ingurumen-ekimena, Hezkuntza-berrikuntza, Ezagutzaren sustapena eta Ekintzailetza.

Gizarte-ekimena atalean, gizarte-kontzientzia izan eta gizarte-berrikuntzaren ikuspegitik etenak murrizten –generokoak, kulturalak, ekonomikoak, digitalak, lanekoak eta abar– eta gizarte-desberdintasunak txikitzen laguntzen duten ekimenak eta ekintzak sustatzen ari diren gazteak saritu nahi ditu.

Ingurumen-ekimena kategoria, trantsizio energetikorako soluzioak, kontsumoaren desazelerazioa eta ekonomia zirkularra nahiz biodibertsitatearen kontserbazioa eta ekosistemen kudeaketa integrala planteatuz eta garatuz, beroketa globala arintzen eta larrialdi klimatikora egokitzen laguntzen duten gazteei zuzenduta dago.

Hezkuntza-berrikuntza kategoria, etorkizunak dakartzan erronkei modu kritiko eta sortzailean erantzuteko behar diren gaitasunen garapenaren mesedeko ekitatea eta bikaintasuna edozein jatorritako pertsonei bermatzea xede duten hezkuntza arloko eredu eta ekimen berriak proposatzen dituzten gazteei zuzenduta dago, kritikarako zein sormenerako gaitasuna dutela.

Ezagutzaren sustapena atala, ezagutzaren sorkuntza nahiz sozializazioaren aldeko konpromisoa izan eta arte, zientzia edo letren ezagutza bultzatzeko zein kultura gizarte-eraldaketarako tresnatzat balioesteko moduko ekimenak diseinatu eta garatzeko gaitasuna duten gazteei zuzenduta dago.

Bosgarren kategoria, Ekintzailetza, lidergoagatik zein espiritu ekintzaileagatik nabarmendu eta Gipuzkoako erronkei modu berritzailean erantzuteko aukerak identifikatzen nahiz ideiak enpresa-proiektu bihurtzen diharduten gazteen bilaketari lotuta dago, garapen ekonomiko inklusibo eta jasangarria lortzen laguntzeko.


Sariak

Sariak jasotzeko aukera izango dute Gipuzkoan jaio edo bizi diren pertsonek, baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean 20 eta 30 urte bitartean badituzte, unibertsitateko ikasketak, unibertsitate ostekoak edo Lanbide Heziketako goi-mailakoak egiten ari badira, edo ikasketak amaitu badituzte.

Kategoria horietakoren bateko hautagairen bat Gipuzkoatik kanpo erroldatuta badago edo atzerrian bizi bada, argi utzi beharko du, alde batetik, “zergatik erabaki zuen bere ibilbide osorik edo zatika gure lurraldetik kanpo garatzea eta lortu dituen lorpenetatik zeintzuk ote diren Gipuzkoaren aurrerapenean eta eraldaketan lagun dezaketenak”, Aizpuruak adierazi duenez; eta, bestetik, “Gipuzkoara itzultzeko edo Gipuzkoan ekimen edo proiekturen bat praktikan jartzeko asmorik ote duen edo horretarako pausorik eman ote duen” baloratuko da.

“Hautagaitzek zuzeneko inplikazioa izan beharko dute Gipuzkoako gizartearekin. Ez dira onartuko gure lurraldetik kanpo garatutako ekimen eta merezimenduak dituzten hautagaitzak”, ziurtatu du Ander Aizpuruak.

Hautagaitzak eta epaimahaia

Hautagaitzak www.kutxa.eus webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez aurkeztu beharko dira. Eskaerak aurkezteko epea 2023komartxoaren 29an irekiko da, 09:00etan, eta maiatzaren 26an itxi, 14:00etan.

Eskatzaileek agiri bidez egiaztatu beharko dute kategoria horretan saria jasotzeko hautagaia izatea justifikatzen duten ezaugarriak eta merezimenduak dituztela.

Administrazio arloko baldintzak betetzeari buruzko lehen balorazioa egin ondoren, hiru hautagairen aldez aurreko aukeraketa egingo da kategoria bakoitzeko. Hautaketa-batzordea Kutxa Fundazioko teknikariek osatuko dute.

Epaimahaia Kutxa Fundazioak izendatuko du eta garrantzi pertsonal edo profesionalagatik deialdiari dagozkion esparruetan nabarmendu diren pertsonek osatuko dute.

Epaimahaiak uztailaren 3tik 14ra bitartean erabakiko du zeintzuk diren Inspira Gazteak Sarien irabazleak. Epaimahaiaren ebazpena eta sarituen nortasuna irailaren 14an ospatuko den sari-banaketan emango dira ezagutzera.


Inspira Gazteak 940x300

Imagen Listado
Temática
Fundazioa
Fecha
Fecha Texto
2023ko martxoaren 29a