Pablo Gargallo

Bloques
Título
Datozen jarduerak
Campo Información
field_actividades
Título
Iraganeko jarduerak
Campo Información
field_actividades
Antetítulo
Zalantzak dituzu?
Título
Zure esanetara gaude
Subtitulo
Jar zaitez gurekin harremanetan edozein informazio zabaltzeko edo edozein zalantza argitzeko. Hona ere dei gaitzakezu: 943 55 20 20
Título
Lotutako proiektua
Campo Información
field_agrupaciones_padre
Título
Kubo aretoa Kursaal-ean
Subtitulo
Kursaal eraikin berezian kokatutako gune bat
Antetítulo
Guneak
Enlace 2
Cabecera
Título
Pablo Gargallo
Peso
0
Descripción larga

ERAKUSKETA

kubo-gargallo-pasadas

PABLO GARGALLO
 

KOMISARIOTZA: Dolóres Durán Úcar
 

DATA: 2007ko uztailaren 5etik irailaren 30era

Urriaren 14ra arte luzatua!

  Pablo Gargallo (1881-1934)  Zaragozako Maellan jaio zen, baina arte-prestakuntza Bartzelonan hartu zuen. Konde Hirian ezagutu zuen Gargallok Picasso, eta han hasitako adiskidetasuna gero Parisen egindako egonaldietan sakondu ahal izan zuten.


   Bartzelona, Paris eta bi hirietan sortu eta garaturiko abangoardiak dira Gargallo eskultore paregabearen inspirazio-iturriak; baina heriotza goiztiarrak, 53 urterekin hil baitzen, eragotzi egin zion ikertzen jarraitzea eta joan zen mendeko eskulturari bide berriak irekitzea.


   Hala ere, Gargallo ongi merezita igaro da artearen historiara, Espainiako eta nazioarteko abangoardiako artistarik esanguratsuenetako bat izaki. Eskultura-hizkuntza berri baten sortzailea da Gargallo, hutsartea sartu zuelarik bolumen gisa. Material tradizionalak eta ez tradizionalak -marmola, brontzea, burdina edo beruna- ohikoak dira eskultore honen lanetan. Ez da ahaztu behar Gargallo izan zela, bere eskulturei forma emateko, kobrezko edo burdinazko xafla erabili zuen lehenengo eskultorea. Modernismoaren eta kubismoaren eraginpean, gai izan zen hutsartearekin jokoak sortu eta bolumenen izaera nabarmentzeko, itxura figuratiboari uko egin gabe bere lanak izaera abstraktuz hornitzeko.


   Abstrakzioa eta figurazioa, modernismotik zetozen forma finak eta kubismoari zegozkion forma sendoagoak, gogortasun handiko materialak azkenean arintasun handiko konposizioak egiteko: badirudi kontraesankorrak direla planteamendu horiek, baina Pablo Gargallok era miresgarrian asmatu zuen horiek batzen. Zalantzarik gabe, kubo-kutxa Aretoak eskaintzen dion erakusketa aukera paregabea izango da, bere lanetako 80ren bidez, eskultore honen ibilbidea eta bilakaera ezagutu eta ulertzeko; obra berdingabe eta pertsonalean bere garaiko korronte asko sintetizatu ahal izan zituen koherentziaz. Argi eta garbi, arte moderno eta garaikoaren protagonista garrantzitsu eta erabakigarrienetako baten isla dira Gargalloren lanak

EGILEA

pablo-gargallo


 

Maella (Zaragoza), 1881-  Reus, 1934
 



  

  Zaragozako Maella herrian, Extramuros Bajos kalean (jendeak Bocheret kalea esanda ezagutzen duen, lehenago Eras kalea eta gero Industria eta Generalísimo kalea deitzen zen, eta gaur egun Pablo Gargallo hiribidea den horretan) 20. zenbakian jaio zen Mariano Gargallo Lacueva eta Petra Catalán Vilanova bikotearen bigarren haurra; hori 1881eko urtarrilaren 5ean gertatu zen, goizaldeko 5etan; egun berean bataiatu zuten parrokian eta biharamunean Erregistro Zibilean eman izena: Pablo Emilio. Familia-tradizioaren arabera, baina ez da agiri bidez inoiz egiaztatu, bere aurretik alabatxo bat izan zuten gurasoek, oso azkar hil zena, nonbait. Beste hiru anaia ere izan zituen Pablok: Amalio (uhalgilea), Luis (beiragintza artistikoan profesionala) eta Francisco (zine-zuzendaria, ospetsu egin zena eta arrakasta komertzial handikoa).

            Estutasun ekonomikoak zirela eta, Gargallo Catalán sendia, jatorriz nekazaria (baina ordurako Mariano Gargallo diligentzia-gidaria zen, eta sekula ez errementaria, sarri esan izan den bezala), Bartzelonara aldatu zen 1888an, eta Sadurní kalean bizi izan zen.

            1890 inguruan, Mariano Gargallo Gran Teatre del Liceu-ko suhiltzaileen buru zen, eta Pablo La Galera eskolako ikasle, Jaume Viñas zuzendari zela. Tarteka, bai bera eta bai anaiak korista izaten ziren Liceuko opera-saioetan, diru apur bat irabazteko. Bitartean, poliki-poliki arterako joera eta marrazketarako gaitasuna erakusten ari zen Gargallo gaztea.

            1895ean, 14 urte zituela, hainbat hilabete eman zituen eltzegintzako lantegi batean, Giriti kalean, harik eta osaba Fidel Catalánek aprendiz-postua, soldatarik gabe, lortu zion arte Eusebi Arnau i Mascort eskultorearekin, orduan ospe handiko profesionala Kataluniako giro artistikoetan. Aldi berean, marrazteko gau-eskoletara joaten zen. Urte horietakoak dira bere akademiak eta apunte arinetako dezente, horietako asko Zaragozako Pablo Gargallo museoan daudelarik.

            1898ko urtarril eta apiril-uztailean lehen aldiz parte hartu zuen talde-erakusketetan: Arte Ederretako XV. Erakusketa Berezian, Parés aretoan, eta Arte Eder eta Arte Industrien IV. Erakusketan, Bartzelonan, non En la artesa (Oraskan) eskaiola aurkeztu baitzuen, gaur egun Kataluniako Arte Museo Nazionalean dagoena. Urte berean Retrato de Frederica Vallmitjana (Frederica Vallmitjana-ren Erretratua) egin zuen, domina gisa Vallmitjanak zilarrean irarria. Orduan San Martin kaleko 1ean zuen bere lantegia.

            
 

            1900 inguruan, Els Quatre Gats kafetegiko tertulietan parte hartu zuen, eta adiskidetasun iraunkorra hasi zuen Pablo Picasso, Angel eta Mateu Fernández de Soto, Isidre Nonell, Rafael Nogueras Oller, Ricard Canals, Manolo Hugué, Jaume Sabartés, Ramon eta Jacint Reventós eta beste batzuekin. La Lonjako Arte Ederretako Eskolara joan zen, eta han Agapit Vallmitjana i Barbany eta Manuel Fuxà i Leal izan zituen eskultura-irakasle; bere lantegia Comercio kalera aldatu zuen. Art i Patria talde-erakusketan ere parte hartu zuen.

            1902an Parisen ikasteko bidaldirako dirulaguntza lortu zuen La Lonjan, baina aitaren heriotzak familia-buru bihurtu zuen ustekabean, eta ezin izan zen Parisera joan.

            Bidaldirako dirulaguntzaren luzapena lortu zuelarik, Parisera joan zen 1903ko urrian, eta Vercingetorix kalean kokatu zen; Max Jacob ezagutu zuen, museoekin sutsu zaletu eta Rodinen lana aztertu zuen.

            Bartzelonara itzuli zen 1904ko martxoan, eta Comercio kaleko lantegian hasi zen berriro, Gargallo kanpoan izan zen bitartean Picassok erabili zuelarik lantegi hura. Osasun-krisialditik suspertzeko, Petit doktorearen etxean eman zuen denboraldi bat, Bartzelonako La Garrigan; han Tximinia egin zuen, jabearen abizenez ezaguna, gaur egun Pablo Gargallo museoko bildumetan dagoena; hantxe dago solairu nagusian kokatua. Orduan egin zituen ia 30 geroago bere Gran Profeta (Profeta handia) izango zen irudiaren lehenengo estudioak ere.

            1905ean domina-egile gisa lan egin zuen, Juli Vallmitjana-rentzat mandatuak eginez; horren adibide ona da urte berean Bartzelonan izan zen Arte Zirkuluaren Erakusketarako egindako domina.

            Bakarkako planteamenduarekin lehenengo erakusketa 1906ko otsail-martxoan egin zuen Bartzelonako Parés aretoan: bertute eta bekatu nagusiei buruzko baxuerliebeak ziren, Pariseko bidaiaren ondoren eginak; eta horren ondorioz agian, Lluís Domènech i Montaner arkitektoak kontratatu zuen Bartzelonako Santa Creu i Sant Pau ospitalean barruko eta kanpoko eskultura-dekorazioa egiteko: arkitekturazko proiektu handi horretan Eusebi Arnau i Mascort-ek ere parte hartu zuen. Madrilera joan zen eta aldi labur batez, domina-egile bezala, Agustín Querol-ekin lan egin zuen (honen erretratua domina batean egin zuen, eta zulakatzea Vallmitjana lantegietan egin zen), eta berriro ere gaixo Bartzelonara itzuli zen. Urte hartakoak dira Enrique Borrás eta Christian Franzen-en dominak, eta hurrengo urtekoa Canet de Mar-en dagoen Coronación de la Virgen de la Misericordia (Andre Maria Errukizkoaren Koroatzearen) oroimenezkoa; herri bereko hilerrirako (data bertsuen inguruan edo geroxeago), berriro ere Domènech i Montaner-en aginduz, Lau ebanjelarien tetramorfoa egin zuen, Pont familiaren panteoian. la Bestia del Hombre (Gizonaren Piztia) lanarekin parte hartu zuen Madrilen egin zen Arte Ederretako Erakusketa Orokorrean.

            Landan beste egonaldi bat egin eta osasuna berreskuraturik, 1907an Bosque de la Fontanako Antzoki Handiaren kanpo-dekorazioaz arduratzeko mandatua hartu zuen, eta handik lau baxuerliebe —Pablo Picasso, Isidre Nonell, Ramon Reventós eta Gargallo bera irudikatzen dituztenak— kontserbatu dira (Bartzelonan, Rambla del Prat-en, egungo Bosque zinemaren fatxadan daude ipinita). Parisera itzuli zen, eta lehenengo gaua Bateau-Lavoir-en eman zuen (non zirrara handia eragin baitzioten Picassoren azken lanek), eta bere egonaldi laburrean Sèvres kalean kokatu zen; han Robert Wlérick eskultorearentzat lan egin zuen aldi batez, eta bere lehen maskara egin zuen xafla metalikoan, Pequeña máscara con mechón (Maskara txikia xerloarekin) izenekoa, lan aitzindari eta funtsezkoa gero eskultura urtu gabeak nazioartean izango zuen garapenerako. Bartzelonara itzultzean, Aribau kalean kokatu zen, eta arkitektura-obratan ekarpen oparoen aroa hasi zuen. Yo pecador (Ni bekatari) lanarekin parte hartu zuen Bartzelonako Nazioarteko V. Arte Erakusketan.

            1908 eta 1910 artean zenbait eskultura egin zituen Bartzelonan Palau de la Música Catalana-ren barrurako, oraingoan ere Domènech i Montaner-en aginduz, Eusebi Arnau ere kontratatu zuelarik.

            Beste bidaldi labur bat egin zuen Parisera 1909an. Monumento al actor Lleó Fontova (Lleó Fontova aktoreari monumentua) egiteko agindua hartu zuen, eta berak gauzatu zuen oso-osorik, idulkia barne. Baita ere mandatuz, eta dramaturgo katalan handiaren omenez, Terrassa aá Guimerá MCMIX (Terrassak Guimerá-ri MCMIX) erliebea egin zuen.

            1910ean Josep Lluís Pellicer margolariaren bustoa egin zuen (gaur egun Kataluniako Parlamentuaren fatxadan dagoena Bartzelonan). Ekainaren 10ean, Ciudadela parkean Alamos pasealekuan, Fontovari eskainitako monumentua inauguratu zen, eta aldi berean, ia ezkutuan, Gargallo hobetzen ari zen La Lonjan ikasitako bozelketa-teknikak. Santa Creu i Sant Pau ospitalerako lanean jarraitu zuen, Les Arts i els Artistes-en lehen erakusketan parte hartu zuen, beti izan zuelarik lotura elkarte horrekin; urte hartan eta hurrengoan Ángel rezando (Aingerua otoitzean) erliebea egin zuen, Bartzelonan Sants-eko hilerrian Pidelaserra familiaren hilobian dagoena, baina brontzezko ale bat Pablo Gargallo museoko bildumetan dago. Bere ikonografiagatik, data berekoa da agian Salve (Salbe) domina, Masrierak editatua.

            1911n Bartzelonako Udalaren Nazioarteko VI. Arte Erakusketan hiru lanekin parte hartu zuen, bigarren klaseko domina bereganatuz La diablesa blanca (Deabrusa zuria) eskaiolarekin, gaur egun non dagoen ez dakiguna. VIII. Kotoi Biltzarraren domina egin zuen, Santa Creu i Sant Pau ospitalerako lanak burutu zituen, eta aldi berean Máscara de hombre (Gizon maskara) eta Máscara con mechón (Maskara xerloarekin) lanak eginez bere lehen kobre-aroa hasi zuen, ia soil-soilik xafla metalikoan maskarak eta buruak egin zituen aroa. Urte berean, Francesc de P. Guàrdia i Vial eta Enric Catà i Catà arkitektoek, 1909an Terrassako Teatre Principal-aren fatxada eraberritzeko proiektua egin zutenek, fatxada haren erdialdeko eskultura-multzoen ardura eman zioten, baita beste zenbait edergarrirena ere, baina hori guztia galdu egin da eta dagoeneko berreskuraezina da, erabilitako harriaren kalitate txarragatik.

            1912an Pintura, Eskultura eta Arkitekturako Erakusketa Nazionalean parte hartu zuen, eta ohorezko aipamena lortu zuen La farruca lanarekin, gero desagertua. Udazkenean Parisera itzuli eta han erroldatu zen 1913ko urtarrilaren 4an, Blomet kaleko 45a bizilekutzat hartuta. Garai zaila bizi izan zuen, gabeziaz eta gogo-berotasunez betea. Gargalloren beraren esanetan, “hau miseria da, bohemio-biziera, baina itxaropenez betea”, agian berriro ere bere adiskideekin —Pablo Picasso, Manolo Hugué, Juan Gris, Soler Casabón, Max Jacob— bizi delako eta adiskidetasuna hasten edo berreskuratzen duelako Maurice Raynal, Amedeo Modigliani, Gaston Modot, Pierre Reverdy edo Maurice Princet-ekin. Léonce Rosenberg eta André Level arte-merkatariak aurkeztu zizkion Grisek, eta haiek erosi zizkioten xafla metalikoan egin zituen lehenengo lanak.

            1913an, Juan Grisek Magali Tartanson aurkeztu zion, hemeretzi urteko jostun frantsesa, eta bizilagun ulerkor eta eredugarri bihurtu zitzaion. Urte hartan hiru obra txiki eta eder egin zituen (baxuerliebea, maskara eta tintaz egindako marrazkia), gero bere emazte izango zenaren erretratuak.

            Bartzelonan 1914ko uda pasatzen ari zela familiarekin, I. Mundu Gerra hasi zen, eta Parisera itzuli zen azkar. Lagun guztiek eman zuten izena armadan eta bera ere saiatu zen, baina baztertu egin zuten osasun ahulagatik. Magalirekin Bartzelonara itzultzea erabaki zuen. Treneko txartelak ordaintzeko, Picassoren marrazki bat saldu behar izan zuten, eta irten ziren egun berean Picassok beste bat oparitu zien bere eskaintza eta guzti.

            Pablo eta Magaliren ezkontza 1915eko abuztuaren 4an izan zen Gracia auzoko Sant Joan elizan, eta han Cuesta kaleko 20an jarri ziren bizitzen, eta lau edo bost urte iraun bertan. Osasun-krisi larria izan zuen, eta urte pare batez formatu txiki eta ertaineko lanetara mugatu behar izan zuen, batez ere maskara metalikoak eta bitxiak egitera, eta horietako batzuk Valentí galerietan erakutsi zituen urtearen bukaeran; arrakasta garrantzitsua izan zuen, eta han jarritako lan guztiak saldu zituen.

            Foment del Teatre Catalá erakundeak, 1915 urtearen bukaeran edo 1916.aren hasieran ziur asko, Iscle Soler aktoreari monumentua egiteko ardura eman zion; herritarren ekarpenez ordainduko zen, eta Bartzelonako Udalaren eta Hego Amerikara joandako katalanen elkarteen laguntza ere izango zuen. Bosque antzoki berriaren sarbidea dekoratzeko, lau multzo zizelkatu zituen harrian kapitel gisa, irudikapen alegorikoak: La commedia dell’arte, Tragedia griega (Greziar tragedia), El teatro del siglo XVIII (XVIII. mendeko antzerkia) eta Trobadores (Trobadoreak); erabat suntsitu zituzten geroago egin zen eraberritzean. Bakarkako hirugarren erakusketa egin zuen Bartzelonan 1916ko urrian, Laietanes galerietan.

            1917an erabat berreskuratu zuen lan-gaitasuna, aginduzko beste lan batzuk onartu zituen Estatua tumbal de la señora Pidelaserra (Pidelaserra anderearen hilobi-estatua), Bartzelonako Sants hilerrian jarria, eta Solerri eskainitako monumenturako proiektu handinahia garatu zuen, arkitektura eta ornamentu alderdiak barne, baina ez zen gauzatu, muga ekonomikoengatik ziur asko.

            1918an Les Arts i els Artistes talde-erakusketan parte hartu zuen, baita Exposició d’Art-erako lehen deialdian ere, aurrerantzean Bartzelonako Udalak sustatu zuelarik urtero. 1918ko apirilaren 21ean inauguratu zen ofizialki, Igualdad (gaur egun San Agustin) plazan, Monumento a Iscle Soler (Iscle Solerri eskainitako monumentua), oso-osorik Gargallok egina. Hasierako proiektu bikainaren sinplifikazio duina zen, baina oso apala, gero are murriztuagoa, gerra zibilean suntsitu egin baitziren idulkia apaintzen zuten harrizko bi maskarak.

            1919. urte aldera, edo agian 1920an, Provenza kaleko 146. zenbakiko lehen pisura joan zen bizitzera, eta lantegi berria inguruko etxabe batean kokatu zuen: han hasi zituen bere lan erabakigarriak berunezko xaflan. 1919ko maiatz-ekainean Arte Ederretako Erakusketa Hispano-Frantziarrean parte hartu zuen Zaragozako La Lonjan.

            1920ko Arte Erakusketan (Exposició d’Art) parte hartu zuen hamahiru lanekin (haietako bost bitxiak), eta artisten batzarrak, bozketaz, erabaki zuen 1921ean egingo zen erakusketan Eskulturako Areto Berezia izango zuela Gargallok. Urrian, lehiaketa bidez eta bost urterako, Gargallo eskultura-irakasle eta bozelketa-maisu izendatu zuten Kataluniako Mankomunitatearen Arte Lanbideetako Eskola Teknikoan. Urte berean, edo agian hurrengoan, Lanbide Ederretako Goi Eskolan eskultura-irakasle izendatu zuten. Orduan hasi zuen adiskidetasuna Josep Llorens Artigas, Xavier Corberó, Rafael Solanic, Antoni Serra, Manuel Humbert, Joan Miró eta Rafael Benet-ekin. Urte hartatik eta 1923 arte berunezko xaflan egin zituen urtu gabeko ia lan guztiak, bitarteko berun aldia deitzen duguna garatuz, eta bolumenen alderantzikatze iraultzailea hasi zuen, bere lanaren joeretako baten hain ezaugarri berezia bihurtuko zena.

            Aurrez ikusita bezala, 1921ean Bartzelonako Arte Erakusketan (Exposició d’Art) Eskulturako Areto Berezia izan zuen, eta han 13 lan aurkeztu zituen, behin betiko ezagutza lortu zuelarik Katalunian. Urrian, Mankomunitateak Arte Lanbideetako Eskola Teknikoan bozelketazko eskultura aplikatuko irakasle izendatu zuen. Oporretan Parisera joan zen, eta hango erakusketetan erregulartasunez parte hartzen zuen.

            1922ko ekainean Pierrette jaio zen, Magali eta Pabloren alaba bakarra. Aurreko urtean eta ondorengoetan bezala, Pariseko Salon d’Automne delakoan parte hartu zuen, non erakusketaririk ezagun eta goretsienetako bat izan baitzen; gauza bera ondoren egin ziren erakusketetan (des Indépendants eta des Tuileries).

            1923tik aurrera bigarren kobre aroa hasi zuen: irudi osoak egin zituen orduan (batez ere, neska dantzari ospetsuak), gero eta handiagoak, eta bolumen ahur edo konkaboak erabili zituen ia erabat, maskaren kasuan (non erabat baztertu baitzuen aurreko urteetako errepresentazio ganbil edo konbexu tradizionalagoa) lehenengoak zilarrezko pieza txiki batzuk izan zirelarik 1925. urte inguruan eginak.

            Irakaskuntzaz kanpoko arrazoiengatik kaleratutako Georges Dwelshauvers irakaslearekin elkartasunez, Bartzelonako La Publicitat egunkariak argitaratutako talde-idazkia izenpetu izanaren ondorioz, eta atzera egiteari uko egin ondoren, 1924ko maiatzean kargutik kendu zuten lankide askorekin batera, eta Lanbide Ederretako Goi Eskolan eta Arte Lanbidetako Eskola Teknikoan zituen lau karguak galdu zituen, ondoren postu horiek desagertu egin zirelarik. Magali eta Pierrette-rekin Parisera itzuli zen, eta Vincennes-eko Dohis kaleko 13.a hartu zuten, Blomet kaleko lantegi zaharra (bera kanpoan zen bitartean Joan Mirók erabilia) ez baitzitzaien atsegin gertatzen. Gogor lan egin zuen bere adiskide Raynal, Fierens, Reverdy, Warnod, Géo Charles, Waldemar George eta Llorens Artigas-en laguntzaz, eta Rosenberg eta Level arte-merkatariek Gargallok egina erosten jarraitu zuten; bere lanean, eta xafla metalikoko lanetarako, hasia zen aurretiazko txantiloiak erabiltzen, eta horiek, patroi gisa, bertsio desberdinak eta eskultura bat beraren handiagotzeak egiteko aukera ematen zioten; prozedura hori erabakigarria gertatuko da gero berritzaileagoa izango den lan guztirako.

            1925ean, beste talde-erakusketa batzuen artean, honako hauetan parte hartu zuen: Parisko Salon des Indépendants, des Tuileries, d’Automne eta Exposition Internationale des Arts Décoratifs et Industriels Modernes delakoetan, baita ere Saló de Tardor-en Bartzelonan; kasu guztietan, ezagutza eta gorespen ugari izan zuen, eta arrakasta ukaezina. Urte berean, Tokyo eta Osakan egin zen Frantziako arte garaikidearen erakusketa ofizialean ere izan zen.

            Bere produkzio osoan erabakigarria izango den lan batekin obsesionaturik, 1926an Cabeza de profeta (Profeta burua) egin zuen kobrezko xaflan; irudi hori lehen aldiz San Juan Bautista (San Juan Bataiatzailea) erliebean egina zuen hogeiren bat urte lehenago, eta hori Santa Creu i Sant Pau ospitaleko Administrazio Pabilioiaren fatxada nagusian dago, santuen frisoan.

            1927an, Montparnassen, Maine hiribidean 107. zenbakiko lantegira aldatu ziren; aurrez Vicente do Rego Monteiro margolari brasildarrak erabilitako lantegia zen. Han pieza metaliko gero eta sendoagoekin jarraitu zuen lanean, eta finkatu egin zuen kartoian egindako aurretiazko txantiloien erabilera. Bernheim arte-merkatariak erakutsi eta merkaturatu zituen Gargalloren lanak. Eta Estokolmon egin zen Frantziako arte garaikidearen erakusketarako aukeratu zituzten eskultoreetako bat izan zen. Ekainean, Kataluniako plaza apaintzeko proiekturako, hiru eskultura-bozeto aurkeztera gonbidatu zuen Bartzelonako Udalak; irailean izenpetu zituzten lan-kontratuak El pastor de la flauta (Artzaina txirularekin), La vendimiadora (Mahats-biltzailea) eta El pastor del águila (Artzaina arranoarekin) egiteko: lehenengo biak Parisko harrian eginak eta azkena brontzean urtua. Bi “artzainek” plazan jarraitzen dute (bigarrenaren eskaiolazko eredua Olot-en Garrotxako Eskualde Museoko bildumetako parte da), baina La vendimiadora (Mahats-biltzailea) lekuz aldatu zuten geroxeago, ornamentuzko proiektua Montjuich Parkeko lorategietara aldatu zutelako. 1995eko apirilean El pastor de la flauta (Artzaina txirularekin) obraren beste ale bat Bartzelonako Doctor Mira plazan jarri zuten. El pastor del águila (Artzaina arranoarekin) obraren beste ale bat, helburu horrekin 2002 eta 2003 artean urtua, azken urteko apirilean jarri zen Zaragozako Alfonso I kalean, Candalija kalearekiko izkinan, hortik zuzen-zuzenean joaten delarik Pablo Gargallo museora.

            1928an, Kiki de Montparnasse brontzean urtzeko modelaturiko maskaran lehen aldiz aplikatu zituen bolumen ahur edo konkaboa irudikatzeko baliabideak, eta elementu adierazgarriak erabat kendu zituen. Ekainean, 1929an egingo zen Bartzelonako Nazioarteko Erakusketak lau eskultura egiteko agindua eman zion Montjuicheko Estadio Olinpikorako, bi Biga harri artifizialean eta bi Zaldizko brontzean, azken hauek gaur egun Saludo olímpico (Agur Olinpikoa) gisa ezagutzen direnak (Atleta clásico (Atleta klasikoa) eta Atleta moderno (Atleta modernoa)). 1981ean bi atleta horiek Bartzelonako Ranbletan dagoen Erreginaordearen Jauregira eraman ziren, eta 1985-86an ale berriak urtu ziren Zaragozako Pablo Gargallo museorako, eta haren fatxada aurrean daude jarrita. 1989an, Bartzelonako Zaldizkoak Montjuichera itzuli ziren behin-betiko, eta Bigak (aurigekin) Marta Polo eskultoreak sendotu eta zaharberritu zituen, Gargalloren ondorengoek ikuskaturik eta gordetako argazki-dokumentazioaren laguntzaz: horrela poliesterrean egindako ale bat lortu zen Estadiorako, eta brontzean beste ale bat urtu zen, gero Meridianan, Can Dragó kirol-parkean jarri zena, 1991. urtean.

            1929tik aurrera Gargallok burdin aroa hasi zuen, zeren eta, aurrez hainbat lan ekai horrekin eginak bazituen ere, guztiak interes eta kalitate handikoak, hemendik aurrera egingo baititu, lehenengo xaflan eta gero burdinazko plantxan, burdinazko eskultura esanguratsuenetako gehienak, urtu gabeko eskultura metalikoa egiten ere maisu handia zela erakutsiz.

            1931n Gargallo Tartanson familia etxez aldatu zen berriro, eta oraingoan ia luxuzko etxea hartu zuten Parque Montsouris kaleko 3.ean, han auzoko zituelarik Pierre Courthion, familiaren adiskide zaharra, eta Amédée Ozenfant margolaria; baina Gargallo ez zegoen eroso eta egoki berak aurrez bizi izandakoaren aldean hain bestelakoa zen giro hartan.

1932ko abenduan Artista Iberikoen Elkartearen erakusketan parte hartu zuen, Berlingo Flechtheim galerian.

Hiru solairuko beste etxe bat aurkitu zuten, egokiagoa, lorategia eta bi estudio zituena, Vaugirard kaleko 195. zenbakian, eta hara aldatu ziren 1933. urtearen hasieran. Han alaitasunez lan egin zuen, gogotsu, New Yorkerako erakusketa bat eta Bartzelonarako beste bat prestatuz. Brontzean Gran Profeta (Profeta handia) urtzen saiatu zen, baina ez zuen horretarako diru-laguntzarik lortu; hari, Urano obran bezala, erabateko hutsartearen baliabide erabakigarri eta iraultzailea aplikatu zion, urtzeko egindako lanetan aurrez erabili gabea —Retrato de la señora Grant-en (Grant andrearen erretratua-ren) kasu erlatiboan izan ezik, non beste eginkizun bat baitu dudarik gabe—, eta horrela ikerketa espresiboaren ziklo miresgarria osatu zuen, handik berrikuntza iraultzaileak eratorri zirelarik irudikapen plastikoaren arloan.

1934ko otsail-martxo-apirilean, New Yorkeko Brummer galeriako erakusketa gertakizun berezia izan zen, bai kritika aldetik eta bai publiko aldetik, eta hala ere Gargallo beldur zen gaztaroko lagunek, begikoen zituen haiek, bere lanez izan zezaketen iritziaz. Ondoren Bartzelonako Pares aretoan egin zuen erakusketak inoiz ez bezalako arrakasta izan zuen eta laster hitz egin zen Madrilera eramateaz. Omenaldi gisa, bazkari bat egin zioten Colón hotelean abenduaren 18an. Baina, adiskide Soler Casabóni idatzi zion bezala, nekeak jota dago, “heriozko nekeak”. Bartzelonako erakusketaren bi herenak hartu eta Reusera joan zen, han Irakurketa Zentroak omenaldi bat prestatu baitzion. Aurrez Parisera idatzi zuen berarekin elkar zitezen eskatzeko emazteari eta alabari. Zeharo akituta, bronkoneumonia sortu zitzaion eta horrek berehala ekarri zion heriotza: abenduaren 28an hil zen Reusen, Londres hoteleko gela batean; hiru egun ziren han erakusketa ireki zuela, eta orduantxe hasia zen mundu guztia garaiko eskultura unibertsalaren maisu ukaezin gisa aitortzen Gargallo.

 Rafael Ordóñez Fernández

HITZALDIAK

HITZALDIAK:

2007ko irailaren 5ean 19:30ean

"PABLO GARGALLO, SIMBOLISMOTIK ABANGOARDIARA"
 

kubo-pablo-gargallo-conferencia-bonet

Hizlaria: Juan Manuel Bonet
 

 Erakusketaren katalogoaren"gargallori buruzko pasarteak" testuaren egilea eta Arte kritikaria.
 

Sarrera libre leku-kopuru beta arte.
 

EDIZIOA

portada gargallo

ERAKUSKETA KATALOGOA
 

PABLO GARGALLO
 

Egileak:


Dolores Durán Úcar
 

Juan manuel Bonet
 

Rafael Ordóñez Fernández
 


 

Hizkuntzak: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez
 

Orrialde-kop.: 144
 

Argitaratze-urtea: 2007

ISBN: 978-84-7173-506-5

Agortua
 

Imagen Listado
Etiqueta
Erakusketa
Tipo agrupación
Erakusketa
Fecha
Inicio
Fin
Temática
Artea
Agrupaciones Padre
Pasada
1
Años
2007
Fecha
2007ko uztailaren 05a - 2007ko irailaren 30a
Fecha Formato II
2007ko uztailaren 05tik osteguna, 2007ko irailaren 30ra igandea