Eva Lootz. Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu
Bost gune handitan banatuta egongo da Lootzen lanaren multzo erakusgarri hau.
Entre manos
Entre manos [Esku artean](2011) korapiloen eta hari- edo soka-jolasaren inguruko proiekzioa da. Denbora-pasa klasiko bat da; gure tradizioan haurren jolas moduan gorde da, baina herri primitiboen jarduna ere bada; soka batekin irudi ugari egiten dira, eta soka hori pertsona baten eskuetatik beste baten eskuetara igarotzen da.
Lootzek gogorarazten digu herri primitibo deituek soka-jolasak egiten zituztela eta Jacques Lacan psikoanalistak Borromi korapiloa erabili zuela izaki hizlariaren egitura psikikoa adierazteko esperientzia analitikoan: errealaren, irudimenezkoaren eta sinbolikoaren erregistroa. Bideoarekin batera Ani Bustamante psikoanalistaren eta idazlearen testu bat eta Cree indiarren poema hautaketa bat ageri dira.
Mostrar/Nombrar
Mostrar/nombrar [Erakutsi/izendatu] (2011) beira zeharrargian egindako eskultura da. Artistak etengabe darabilkien hausnarketari egiten dio erreferentzia: erakustea ez da izendatzea.
Erakustea zerbait begien aurrean ipintzea da, hitzen laguntzarik gabe agertzea. Baina erakusteko, zerbait hori kode arautu baten barruan sartzen dugu: hizkuntza. Erakustea versus izendatzea, irudikapenaren eta enuntziatuaren arteko aldea, ikusgaiaren eta hizkuntzaren artekoa, objektuaren eta kontzeptuaren artekoa.
Korapiloak eta hariak
Nudos [Korapiloak] saila (2013) harien eta soken ingurukoa da, afektuen eta hizkuntzaren arteko loturaren metafora, materiaren eta hizkuntzaren arteko loturen arazoa lantzen duena.
Tú y yo I
Tú y yo I [Zu eta ni I] (1997) lanak bi mahaikiderentzako mahai luze bat irudikatzen du, bi aulki eta bi platerekin, bietan hondar kopuru bera dago: alde batean, harea bere horretan dago, bolumena eta forma aldatu gabe; bestean, denborarekin sumatzen da bai platerak bai mahaiak zulo bat dutela eta hortik harea erori eta lurrean sakabanatzen dela. Gela berean, hiru argazki handi daude, eta, horietan, hitz hauek daude argizari bigunaz idatzita: TÚ, Y, YO (Zu, eta, ni).
Instalazioak absentzia baten presentzia iradokitzen du, existitzen ez diren bi mahaikiderentzako espazio batean, elkarrizketa mutuan. Polaritateari, aurkakoei, dialektikari buruzko gogoeta bat da funtsean, era guztietako bikoteen pentsamenduaren oinarrizko eredu bat.
Tú y yo II
En Tú y yo II [Zu eta ni II] (2000) lanean zapata/bota pare batzuk –feltro argikoak batzuk eta ilunak besteak– aurrez aurre daude, harea fineko lau esparrutan. Pare bakoitzetik ahotsak entzuten dira, gizonezko ahotsa batetik eta emakumezko ahotsa bestetik, elkarrizketa ez-konbentzional batean. Kasu honetan, «zu», «eta», «ni» hitzak presente daude, giza ilez idatziak hormetan.
Lan honek, alde batetik, bikotearen gertaerara hurbiltzen gaitu, eta, beste aldetik, hizkuntzaren erabilera txikiagora, zeinak ez baitu grabitate-puntua izan aditzean, Deleuzek hizkuntzaren atzerriko erabilera ulertzen duen moduan.
Erakusketan, gainera, beste bi ikus-entzunezko daude: No es más que un pequeño agujero en mi pecho [Zulo txiki bat baino ez da nire bularrean] (2004) eta Blind Spot (2005). Gorputzaren metafora aipatzen dituzte, puntu itsuen, zulo beltzen, hondorik gabeko leizeen metaforak.
No es más que un pequeño agujero en mi pecho
No es más que un pequeño agujero en mi pecho [Zulo txiki bat baino ez da nire bularrean] (2004) Eva Lootzen lan guztia zeharkatzen duen pentsamendu batera itzultzen gara: presentzia/ausentzia dualtasuna, eusteko, ixteko, ezintasuna.
Izenburua Henri Michaux-ren poema batetik aterata dago. Haren bertsoek dena irensten duen zulo beltz bati buruz hitz egiten dute, eta baita isiltasunari buruz, heriotza iradokitzen duen hustasunaren erdian dagoen bizitzari buruz ere. Egile horrek berak eramaten du Eva Lootz amairik gabeko ur-jauzi baten irudia hartzera, non, modu abstraktuan, artistak uzten baitu harearen, kausen eta efektuen, labaintze etengabea etorkizun ulertezinean.
Blind Spot
Blind Spot (2005) bideoak irudi biribil bat, iluna, proiektatzen du, puntu itsua iradokitzen duena, hau da, begiak ikusten ez duen ikus eremuaren zati txiki hori. Angelu itsuak, ikusi ezin duguna –bai zentzu literalean, ezintasun fisikoagatik, bai irudizko zentzuan–, hautematen ez duguna, gure begirada diskurtso nagusiak baldintzatuta dagoelako. Emakumeak, esaterako, historiaren angelu itsuan egon dira gutxi gorabehera 3.000 urtez.
Habitación de Manila
Goiko solairuan, soka marrazki sail baten alboan, Habitación de Manila [Manilaren gela] lanean (1993) barneratuko gara. Manilako paperaz egindako piezak dira; Lootzek «pieza arinak» esaten die, eta Lanzaroten egindako egonaldi batean osatu zituen, non artistak hainbat grabatu egin baitzituen.
Ezerekin zerbait egitearen hurbilenekoa dela esan liteke. Biltzeko erabili ohi den papera, aldi berean arina eta gogorra, zimurtu eta pieza txikiak egin ditu artistak. Hainbat hazi ekartzen ditu gogora, lokarriak korapiloekin, heldulekuak, zapatak, etab... erakusketa honetan erakutsiko dira lehen aldiz.
Azkenik, Eva Lootzen esanetan, ikusgai dagoena da haren lan-eremua, eta, artista bisual gisa, tradizioaren angelu itsuan eroritakoa erakustea eta ezagutaraztea da beraren zeregina: hau da, proiektu askatzaile, emantzipatzaile eta bizitza-eraldatzaile gisa sortutako obra bat erakustea besteei. Noiz, eta ikusgai denak errealitatera iristeko ezinbesteko bide izateari utzi dion eta irudiak kontsumo-gizartearen zerbitzura dauden une batean.