Makurtu. Xare Álvarez
Erakusketa hainbat materialekin egindako 14 piezaz osatuta dago (ehunak, aluminio urtua, zeramika, paper gaineko tintak...). Pieza horiek autonomiaz arnasten dute, baina haien artean sortzen diren loturei esker ekosistema misteriotsu bat sortzen da, non piezak organismo bizi bat iragartzen duen mugimendu aldakorraren bidez erlazionatzen diren.
Artistaren beraren lan-metodologiak ere prozesuaren organikotasuna biltzen du, zeinean, geruzen moduan, elkarren jarraian ageri baitira materialen elkartzea, eraldatzea eta osoko irakurketa baterako azken proposamena.
Laborategian izango da zabalik 2024ko maiatzaren 25etik abuztuaren 25era, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.
2019an martxan jarritako ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.
Proposamen honek Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio, bi erakundeen ahaleginak batuz, San Telmo Museoak eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak 1970eko eta laurogeiko hamarkadetan egin zuten erakusketa eremuko lankidetzari berriro helduz. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea.
Bosgarren ediziora iritsi da Artea abian proiektua 2024an eta Xare Álvarez da aurten parte hartzen duen artista, aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak, Kimia Kamvarik eta Mikel Otxotekok bere lanak aurkeztu ondoren.
Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako erakusketa programa honek sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez, eta horrela, Xare Álvarezen lana ikusteko aukera izango dugu aurten Makurtu titulua duen erakusketan.
Artea abian, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako erakusketa programa, bosgarren ediziora iritsi da eta Xare Álvarez da aurten parte hartzen duen artista.