Naturan Hezi Eskola
Naturan Hezi Proiektuak helburu bikoitza du. Alde batetik naturan hezten duen hezkuntza-komunitatearen formazio eta topagune izan nahi du; eta bestetik, Gipuzkoako ikastetxeak naturan murgiltzeko jauzia ematera gonbidatu eta laguntzea bilatzen du.
Helburu bikoitz horri erantzuteko, 2016an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest Gara saioen bidez lehen Naturan Hezi formakuntzak eskaintzen hasi ginen.
Horrez gain, urtero UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko zein Nafarroako Unibertsitateko Magisteritza eskolatan zein hainbat Lanbide Heziketako zentroetan formazioak eskaini izan ditugu.
2021ean, Kutxa Fundazioak UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioarekin (UIK) elkarlanean Naturan Hezi Eskola izenekoa sortu zuen eta honen baitan, hainbat izan dira urtero antolatu ditugun ikastaro eta topaketak:
Hauek izan ziren Prest Gara bidez sortutako lehen ikastaroak (Naturan Hezi I eta Naturan Hezi II ).
Ikastaro motzak izan ohi dira, egun gutxi batzuetakoak, parte-hartzaile kopuru mugatu batekin, Naturan Heztearen testuinguru orokorra ezartzea bilatzen dutenak eta aurez aurrekoak.
Formatu honetan izan ditugu, besteak beste:
- “Eskolak naturan hezi” ikastaroa
- “Naturan eta naturaz ikastea: esperientziatik, ebaluazio eta hezkuntza-ikerketara” ikastaroa
Naturan Hezi online ikastaroak, ikastaro luzeagoak izaten dira (30-45 ordukoak), sakontze ikastaroak dira, dagoeneko naturan hezten duten profesional eta hezkuntza-komunitateko bestelako kideek gaiaren inguruan gehiago ezagutzea bilatzen dutenak eta parte-hartzaile kopuru askoz altuagoarekin.
Kasu honetan ere, ez dugu presentzialtasuna galdu nahi izaten eta beti, saio presentzialen bat sartzen ahalegintzen gara, beti ere naturan.
Formatu honetan izan ditugu, besteak beste:
- “Naturan hezi, orain da unea!” ikastaroak (bi edizio)
- “Jolasaren eta naturaren bidez ikasiz” ikastaroa
- “Naturan hezi, lore garaian” ikastaroa
- “Naturan hezi, orbel garaian” ikastaroa
- “Naturan hezi, zaintza erdigunean jarrita” ikastaroa
Baina formazioa eskaintzeaz aparte, Naturan Hezi Eskolak eremu berdeetan hezten duen hezkuntza-komunitatearen topagune ere bihurtu nahi du, eta horretarako, urtero Naturan Hezi Topaketak ospatzen ditugu. Egun bat edo bi irauten duten Topaketa hauen helburua gai zehatz baten inguruan sakontzea da, hizlari adituei entzunez, esperientziak partekatuz, eta ikastetxeen artean elkarlanak eta sinergiak sortuz.
Naturan Hezi I Topaketetan, naturan hezteak ikastetxean zekarren eraldaketa pedagogikoa izan genuen aztergai, eta zeharka baina nabarmen, irakasle eta ikasleen begirada aldatu behar zela ondorioztatu genuen. Naturan Hezi II Topaketetan, egungo gizarte eredu antropozentristatik ikuspegi ekozentrista batera salto egitearen garrantziaz jardun genuen, begirada aldatu eta naturarekin harremantzeko ditugun moduak aldatzearen aldeko jarrerak garatuz eta partekatuz. Eta Naturan Hezi III Topaketetan. Topaketetan, ustezko eguraldi desegokiaren aurrean ditugun hainbat ikuspegi deseraikitzeko gakoak aurkeztu genituen.
Datozenak: Naturan Hezi IV. Topaketa, 2024ko ekainaren 27an ospatuko da, Kutxa Fundazioa Plazan, Tabakalerako 4. Solairuan. Aurtengo edizioan, baso-eskolaren bidez sortutako saretzeak, sinergiak edota elkarlanak jarri nahi ditugu balorean, urte guzti hauetan zehar, bidelagun asko izan ditugulako eta sortutako elkarlan horietako asko, beste ikastetxeentzako ere eredugarriak eta baliagarriak izan daitezkeela iruditzen zaigulako.
Basoko sustraien sarea hazten doalako eta horri esker, baita naturan hezten duen komunitatea ere.
Naturan Hezi Eskola proiektuak helburu bikoitza du. Alde batetik, naturan hezten duen hezkuntza-komunitatearen topagune eta prestakuntza-gune izan nahi du; eta, bestetik, Gipuzkoako ikastetxeak naturan murgiltzeko jauzia egitera gonbidatu nahi ditu, eta horretan lagundu.