
8- 13
Pertsonak ere bagara natura
Kutxa Fundazioan sustatzen dugun bizimoduak naturaren zati banaezintzat hartzen du pertsona.
Oso modu argian ulertzen dugu jasangarritasuna. Lurraldearekiko, haren osasunarekiko eta bizi-ohitura jasangarriekiko konpromiso ekintzailea da guretzat. Gure proiektuen bidez, ingurumenarekiko kontzientzia benetako ohitura bihurtzen dugu, gure ingurunea birsortzen duten ohiturak zabalduz.
Bizimodu jasangarria eguneroko konpromiso gisa ulertzen dugu, pertsona eta gizarteko eragileak beren ingurune naturalaren parte aktibo eta banaezin gisa kokatzen dituen konpromiso gisa.
Gure ikuspegia kontserbaziotik haratago doa; ekintza zuzenaren eta prestakuntzaren bidez, Gipuzkoako gizartearen eta bertako ekosistemen arteko oreka birsortu nahi dugu.
Baratze Parke Sarearen gisako proiektuak filosofia horren erakusgarri dira, non harreman komunitarioen garapena eta baratzezaintza ekologikoaren ikaskuntza eta aplikazioa uztartzen diren. Horri eskerrak, 1.500 familia baino gehiago naturaren zikloekin birkonektatzea ahalbidetzen dugu, eta ekonomia zirkularraren eta konpostajearen bidez ingurumen-aztarna murrizteko aukera ematen diegu.
Iraunkortasun-ekosistema hori estrategia pedagogiko eta parte-hartzaile berezi batekin osatzen da, eta etapa guztietan laguntzen die herritarrei. Gazteenek Basoeskolan egiten duten murgilketatik hasi eta KLIK Agendarekin edo TOPA! jaialdiarekin bultzatzen dugun mobilizazio sozialeraino, gure lana buruan gertatzen den klik hori erraztea da, asmo edo intentzio soiletik praktikara pasatzeko beharrezkoa den aldaketa hori eragitea. Asmo soiletik praktikarako urrats horren adibide dugu Hitzetatik Ekintzetara ohitura-aldaketen programa, non kezka ekosoziala kohesio komunitarioaren motor eta eragile bihurtzen dugun, Gipuzkoan modu jasangarrian bizitzea lurralde erresiliente, osasuntsu eta gizatiarrago bat eraikitzea dela onartuz.

Hitzetatik Ekintzetara: hitz soilak gainditu eta lanari ekin.
Badakigu informazioa edukitzea, berez, ez dela nahikoa; ekintza behar dugu. Hitzetatik Ekintzetara programarekin, herritarrek bizimodu kontzienteago baterantz jauzi egitea errazten dugu. Tresna praktikoak eskaintzen ditugu, eta akonpainamendua, herritar taldeek beren kontsumo, energia eta mugikortasun ohiturak alda ditzaten, tokiko aldaketa txikiek inpaktu global handiak sortzen dituztela erakutsiz.

Baratze Parke Sarea: Gipuzkoan nahi dugun etorkizuna ereiten
Gipuzkoako Baratze Parke Sareak, 20 parke eta 1.500 lursail baino gehiago dituen azpiegitura berde aitzindariak, milaka herritar lurrarekin berriro harremanetan jartzea ahalbidetzen du, hiru oinarri nagusiri jarraituz: %100ean ekologikoa den baratzezaintza eta trebakuntza (biodibertsitatea, lurzoruaren zaintza eta osasuna bermatzeko), gizarte-kohesioa (belaunaldien arteko ezagutza-trukea sustatuz eta bazterketa-arriskuan daudenentzako espazio terapeutikoak eskainiz) eta ekonomia zirkularra (bertan egindako autokonpostajearen bidez hondakinak baliabide bihurtuz eta karbono-aztarna ezabatuz).
KLIK Agenda: Zure ibilbide-orri jasangarria
KLIK Agenda da herritarrak aktibatzeko gure plataforma. Jarduera, tailer eta ekitaldiz osatutako eskaintza zabala ematen dugu aukeran, edozein pertsonak, edozein adinekoa dela ere, bere pentsamoldean "klik" bat egin dezan eta ingurunea gehiago errespetatzen duten ohiturak gauza ditzan. Horiek guztiak gonbidapen gisa ikusten ditugu; planetaren mugekin orekan bizitzeko gonbidapen.
TOPA! Jaialdia: Jasangarritasuna ospatzen
Jasangarritasuna ere ospatzen da. TOPA! Jaialdiaren bidez, ingurugiro eta gizarte konpromisoa ospakizunerako eta topaketarako festa bihurtzen dugu. Bilgune horretan, gipuzkoarrek agerian uzten dute bizimodu jasangarriak, gainera, bizitza beteagoa, alaiagoa eta partekatuagoa ematen duela.
TRESNA: Trantsiziorako tresnak
KLIK AGENDAk sektore ekosozialeko ekintza puntualak biltzen dituen moduan, TRESNA ekimenak, bere aldetik, bizi-ohitura osasungarriagoak eskuratzea eta haiei eustea sustatzen duten tresnak eskaintzen ditu, epe luzerako ikuspegian oinarrituta. Helburu hori lortzeko, hainbat deialdi bideratzen zaizkie beren iraunkortasun-proiektuekin aldaketa-eragile izan nahi duten kolektiboei eta erakundeei, eta, hala, Gipuzkoako txoko bakoitzean eragiteko dugun ahalmena biderkatzen da.
Hurrengoa
Euskara sustatzen


